Beilatokiaren epaia gizarteratzen ari dela adierazi du udal gobernu taldeak
EAJren kritikei erantzunez, gobernukideek adierazi dute, datuak ematen, gaiaren berri ematen ari dela inplikatutako alde guztiei.
EAJren iritziari erantzunez, udal gobernu taldeak (Abotsanitz eta EH Bildu) adierazi du Gabarrari kaleko beilatokiaren gaineko informazioa eta horri dagokion epaia gizarteratzen ari dela, hainbat modutara. “Gobernu taldearen jarduna gaiak modu egokian kudeatu eta gizarteratzea da. Gobernu onaren eta gardentasun saiakera zintzo bat eginez, epai hau gizarteratzeko plangintza jorratu da”, esan dute gobernukideek. Hori ziurtatzeko datuak eman dituzte: apirilaren 11n, udalean ordezkaritza duten alderdi politikoei bidali zitzaien epaiaren gaineko dokumentazioa, eta apirilaren 15ean, berriz, gobernukideen artean landu zuten gaia Igor Enparan alkateak argibideak eman zituelako. Gainera, apirilaren 23an, alkatea Gabarrari kaleko kideekin elkartu zen, eta 26an udal gobernuko kideak jabeekin elkartu ziren egoera horren aurrean nola jardun adosteko.
Martxoaren 13an jaso zuen Hondarribiko Udalak Gabarrari kaleko beilatokiaren gaineko epaia, 2022an hasitako auzi bati bukaera emanaz. Auzitegi Gorenak eman zuen azken epai hori. Horren arabera, Hondarribiko Udalak jarritako helegiteari eta eraikinaren jabeei arrazoia eman die. Azken epaiak dio, laburrean, garaiko udal gobernuak (EAJk) Gabarrariko beilatokia eraikitzeko obra lizentzia behar bezala eman zuela.
Barne mailako lanketa egin ostean, gobernukideek adierazi dute euren konpromisoa zela jendarte osoari zabaltzea epaiaren mamia. “Bide horretan gurutzatu da EAJ”, zehaztu dute: “Oso modu bortitzean salatu nahi izan du alkatearen eta udal gobernu taldearen jarduna. Informazioa osotasunean eman gabe eta Hondarribiko Udalaren jarduna baldintzatu nahian. Finean, erakundearekiko duen errespetu eskasa erakutsiz. Kontraesankorra da informazioa bahitzen dela esatea eta informazio hori partekatu denaren ziurtasuna izatea”. Hau da, udal gobernuak esan du epai horren gaineko informazioa partekatzeko prestatutako plana burutzen ari zela, eta EAJren oharra tokiz kanpo dagoela: “Zintzotasun politikoa eskatzen diegu udal talde guztiei. Herri honetan jarduteko moduak aldatzen ari dira, eta jar daitezela dagokien maila politikoan erakundearen egunerokotasuna oztopatu gabe”.