Neguko landareak kendu, eta oparituko ditu udalak
Banaketa hilaren 7ko goizean egingo dute, Luis Mariano plazan. Udako loreak ezartzeko kanpaina hilaren 6an hasiko da.
Hiriko parke eta lorategietatik neguko loreak kenduko ditu Irungo Udalak, eta horiek hala nahi duenei oparituko dizkie: landare horien banaketa hilaren 7an (asteartea) egingo dute, Luis Marianon, 10:00etatik bukatu arte. Hilaren 6an hasiko da udako loreak landatzeko kanpaina.
Zenbakietara eraman du banaketa udalak: 600 udaberri lore edo San Jose lore, 600 oroilore (Myosotis), 600 erysimum, 600 papaver eta 400 ziklamen inguru emango dizkiete Luis Marianon bilduko direnei. “Udan, loreak erortzen zaizkie landare horiei, eta, horregatik, neguan erabiltzen dira; horrela, hurrengo negu edo udaberrian loratzen dira berriro”, zehaztu dute udaletik. Era berean, 2.000 tulipa edo idi bihotz banatuko dira: erraboilak neguan landatu, eta udaberrian loratzen dira, hiruzpalau asterako; gero, hurrengo udaberrian ernatu eta loratzen dira berriro.
Negukoen ordezkoa udakoek hartuko dute. Horien gaineko zifra batzuk ere eman ditu udalak: Luis Marianon 4.500 salbia gorri (Salvia splendens) landatuko dira. Hurrengo asteetan, berriz, San Juan plazako loreontziak atonduko dituzte 1.700 salbia gorri ale ingururekin, eta Zubimusu plazatxoko biribilgunekoak 4.900 izango dira orotara. Gainera, San Juan plazan, dragoi begonia eta eguzki alegria gorriak landatuko dira, eta, Zubimusu plazatxoko biribilgunean, aurreko urteetan bezala, askotariko landareak: ageratumak, eguzki alegriak, anthirrinoak, begoniak, kleomeak, koleoak, lobeliak, salbiak…