Behobian estreinatuko du Labordak Alkatea Auzoetan
Maiatzaren 2an gerturatuko da Behobiara. Auzo elkartekoekin ez ezik, bizilagunekin bilera irekiak egingo ditu berrikuntza gisa.
Cristina Labordak Alkatea Auzoetan dinamikari eutsiko diola iragarri du. Auzoz auzo joango da, orain artean bezala, eta berrikuntza gisa aurrez aurreko bilerak egitea gehitu du. Auzo bakoitzaren auzo elkarteetan izango da hori, eta auzotarrak gonbidatuta egongo dira.
Lehen bisita Behobiara egingo du, maiatzaren 2an, 17:00etan. Alkatea auzoko karriketan ibiliko da, auzo elkarteko presidentearekin eta beste kide batzuekin batera. Ondoren, 19:00etan, auzo elkartearen lokalera joango da auzotarrekin biltzeko.
Nobedadea da ere Irungo Udalaren orrialdean proposamenak eta iradokizunak egiteko buzoia sortu dutela. Hurrengo bisita jakinarazten dutenean, bertako auzokideek astebeteko epea izango dute bertara ideiak igortzeko.
Behin eskaera horiek bilduta, konpromisoak hartuko dituztela baieztatu du Labordak, eta segidan, informazio puntuala emango dute konpromisoak zenbateraino betetzen doazen ikus dadin.
Balantzea
Programa hau 2011n sortu zen, eta lehenbiziko saioa Larreaundin egin zuten. Ordutik, 51 bilera egin eta 1.621 eskaera jaso dituzte. Baieztatu dutenez, eskaeren %83 baino gehiagoren gaineko konpromisoak hartu dituzte eta horietatik %84 bete direla ziur dira.