EAJren garaipen argia Irunen, eta EH Bilduren 'sorpasso'-a PSE-EEri
Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan egin bezala, EAJk nabarmen irabazi du Irunen. EH Bildu bigarren indarra izan da, PSE-EEren aurretik.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan 2020an eta 2016an egin bezala, EAJk gaur ere boz gehien jaso ditu Irunen, garaipen argia lortuz bigarren indar izan den EH Bilduri ia 2.700 bozeko aldea aterata. Hala ere, 2020ko hauteskundeekin alderatura, botoen ehunekoetan jaitsi egin da alderdi jeltzalea, ia lau puntuan zehazki. EH Bilduk emaitza oso ona eskuratu du, eta litekeena da hirian ezker abertzaleko hautagaitza batek inoiz izan duen babes handiena jaso izatea gaurkoan duela lau urte baino ia 2.200 boto gehiago eskuratuz; horrek, gainera, PSE-EE gainditzea ahalbidetu die bilkideei, sozialistak haientzat Irunen oso arrotz den hirugarren postura eramanez, nahiz eta 2020ko alderaketarekin botoen ehunekoan apur bat gora egin PSE-EEk. EH Bilduren ‘sorpasso’-a PSE-EEri Irunen botoetan, beraz, ehunekoetan ere bai (154 boz gehiago eskuratu ditu EH Bilduk PSE-EEk baino).
Bestelakoan, ezker federalistaren beherakada nabarmena izan da, Podemosek 1.500 boz inguru galdu dituelako, eta Sumarrek lortutako 1.018ek ez dutelako 2020an Podemos-Ahal Duguk eskuratutako 2.265 iristeko adina ematen.
PP dezente igo da, bai botoetan zein ehunekoan. Voxek ere gorakda izan du bi zenbaki horietan, 1.000 bozen langa gaindituz.
Abstentzioa %43,97ra iritsi da, duela lau urte %52,71ekoa izan zirelarik (gaur 26.500 irundarrek eman dute botoa, eta 2020an 22.180k).
Beheko zerrendan, beraz, gaurko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeek Irunen utzi dituzten emaitzak alderdi nagusienen datuei erreparatuta (parentesi artean 2020ko Eusko Legebiltzarrerako lortutako emaitzak)
- EAJ: 8.425, %32,39 (7.915, %36,26).
- EH Bildu: 5.945, %22,85 (3.764, %17,24).
- PSE-EE: 5.791, %22,26 (4.792, %21,95).
- PP: 2.635, %10,13 (1.709, %7,83).
- Sumar: 1.018, %3,91 (2020an ez zen aurkeztu).
- Elkarrekin Podemos-Alianza Verde: 745, %2,86 (2.265, %10,38).
- Vox: 1.050, %4,04 (721, %3,3).