Oholtza handietara itzuliko da Fermin Muguruza
Zentsuraren kontrako kontzertu handi bat eskainiko du abendu bukaeran Bilbon. 40 urteko ibilbidearen errepasoa egingo du irundarrak, 8.000 lagunen aurrean.
Fermin Muguruza oholtza handietara itzuliko da, hamarkada luze baten ondoren musikari irundarra agertoki handi batean zuzenean ikusteko aukera izango da. Berezia izango da itzulera, bere berrogei urteko ibilbidearen errepasoa egingo baitu, zentsuraren kontrako kontzertu handi batekin. 8.000 lagun elkartuko nahi dituzte Bilbo Arenan datorren abenduaren 20an.
Bere ibilbide osoa “berpiztuko” du irundarrak urteko bukaerako emanaldian: “Kortaturen 40. urteurrenean, 40 urteko ibilbidearen ospakizuna, lau hamarkadaz zentsurari aurre egiten”, esan du Muguruzak, sare sozialen bidez.
40. urteurren hau “momentu berezi batean” datorrela esan dute kontzertuko antolatzaileek, Espainiako eskuin mediatiko eta judizialak “berriz abiatu baitu Muguruzaren aurkako oldarraldia”. Horri aurre egiteko modu bat ere izan nahi du kontzertuak, antolatzaileen arabera. “Kontzertu hau zentsuraren eta azkenaldian herri gisa jasaten ari garen eskuin muturraren erasoen aurkako festa izatea nahi dut. Hor daude Valentzian nire omenez egindako horma irudiagatik inputatu duten ikastetxe bateko zuzendaria eta zuzendaritza kontseiluko bost irakasle, edo Itziar Ituñoren edo Athleticeko jokalarien aurkako erasoak, Sarri, Sarri abesteagatik”, adierazi dio Muguruzak BERRIAri.
Datorren asteartean (hilak ) jarriko dira salgai sarrerak, webgune honetan.