Osasun mentalaz, gurasoekin
Gipuzkoako Foru aldundiak osasun mentalaren gaineko estrategia garatu du, eta horren barruan, hitzaldia egingo du Hondarribian hilaren 22an.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria departamentuak gazteen osasun mentalari heltzeko estrategia abiatu duela jakinarazi du, eta horretarako, urtean zehar osasun mentala eta nerabezaroarekin lotutako 28 programazio antolatu ditu, gazte, profesional eta gurasoei zuzendutako TREBA programazioaren barruan.
Saio horietako bat hartuko du Hondarribiak hilaren 22an, 17:30ean. Gurasoei begira, hitzaldia emango du Estibaliz Ansotegi psikologoak.
Datu ofizialak eman ditu aldundiak. Horien arabera, 2018an soilik, 15 eta 29 urte arteko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazteen %8,3k izan zuten antsietate edo depresio arazoren bat. Gazteekin ari diren profesionalek gainera, arazo emozionalak areagotu egin direla nabarmendu dute. Osakidetzaren osasun mentaleko sareko esku hartzeek gora egin zuten 2019 eta 2021 urteen artean, batez ere 2021ean, “artatutako pertsonen kopurua %15,8 handitu zen 16.610 izatera iritsi arte. Lehen kontsulten kopurua, berriz, %26,9 hazi zen”, azaldu du Goizane Alvarez Gazteria diputatuak. Gazteen Euskal Behatokiak emandako datuak dira horiek.
Estatistikek beste zerbait ere jarri dute agerian, osasun mentalari dagokionez, emakume izatea arrisku faktore bat dela. Osasun mentaleko arazoak dituzten emakume gazteen tasa %11,4koa da, eta gizon gazteena berriz, %5,1ekoa.
TREBAren bidez “gazteei tresnak eman” nahi dizkietela eguneroko erronkei aurre egiteko erantsi du Alvarezek, “antsietateari eta jazarpenari kasu”. Guraoei eta profesionalei ere tresnak ematea da helburu halakoak identifikatu ahal izateko.
Hitzaldia, Kultur Etxeko areto nagusian izango da.