Irungo bi bertsolari, Gipuzkoa Bertsotan-en
Udazkeneko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketara sailkatzeko bi faseko lehia egingo dute udaberrian, Gipuzkoa Bertsotan izenpean.
Udazkenean jokatuko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Hara iristeko, ordea, bi itzuliko sailkapen fasea abiatu du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak, Gipuzkoa Bertsotan izenekoa. Sailkapen fase horren barruan hogei saio egingo dituzte, osotara 74 bertsolari izango direlarik bertan. Horien artetik bi dira irundarrak: Manu Goiogana Bengoetxea eta Igauri Lopetegi Amostegi. Goioganak maiatzaren 2an jokatuko du Zaldibian lehen itzuliko saioa; Lopetegik, berriz, maiatzaren 9an, Idiazabalen.
Sailkapen fase horretako lehen itzulian ariko diren 74 bertsolarietatik 48 sailkatuko dira bigarren itzulirako. Ondoren, bigarren itzuliko lanak eginda, 36 izango dira udazkeneko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketara jauzia emango dutenak. 36 horiek aurreko herrialdeko txapelketan onenen izan direnekin bat egingo dute.
Sailkapen faseko lehen itzuliko saioak (hamabi dira) ostegun eta ostiraletan izango dira. Bigarren fasekoak, berriz, larunbat eta igandetan (zortzi izango dira). Horietarako guztietarako sarrerak eskuratzeko aukera zabalik da jada. Lehen faseko estreinako saioa hilaren 25ean izango da Eskoriatzan, eta azkena maiatzaren 17an Oñatin. Bigarren fasekoak, berriz, ekainaren 2ra arten luzatuko dira.
Bertso eskolak
Aurten 50 urte bete dira Gipuzkoako lehen bertso eskola martxan jarri zenetik. Horri garrantzia eman nahi diote udaberriko Gipuzkoa Bertsotan-en nahiz udazkeneko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. Hala, aurtengo irudia eta mezua ildo horretatik diseinatu ditu Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak: “Unai Gaztelumendiren irudiak bertso-eskoletako lehen belaunaldi inguruko irudiak dakartza, behean Uztapide duela. Zuri-beltzeko argazki horretatik gaur eguneko bertso unibertsora heltzeko ezinbesteko pausoa izan dira bertso eskolak, eta horixe irudikatu nahi du, hain zuzen ere, Gaztelumendiren irudiak”.
Horri lotuta, txapelketaren beste berritasunetako bat da saio bakoitzaren ostean afari-merienda antolatuko dutela tokian tokiko bertso eskolek. “Keinu hori, hain zuzen ere, aurtengo txapelketaren mezuarekin bat dator, bertso eskolak erdigunean jartzen baitu, eta bertsoaren unibertsoa zabaltzen baitu”.