1.301 korrikalari igandeko maratoi erdian eta 10K lasterketan
Bidasoko I. Maratoi Erdirako 782 korrikalarik eman dute izena, eta 10 kilometrokorako 519k. Igande goizean izango dira bi probak.
“Ikaragarria”. Hala definitu du Bidasoa Atletiko Taldeak (BAT) iganderako antolatu dituen Lomeña Fachadas I. Bidasoko Maratoi Erdiaren nahiz Rhenus Logistics 10 kilometroko lasterketa (10K) izen emateak, horien kopuruari erreferentzia eginez. Izan ere, osotara 1.301 korrikalarik eman dute izena bi lasterketetan: 782 maratoi erdian, eta 519 10Kn. Gaurko (ostirala) 13:00etan itxi dituzte izen emateak.
Pozik daude oso BATekoak kopuru horrekin. Izan ere, aurreko edizioetan (Irungo Maratoi Erdia izenarekin) ez ziren hurbiletik ere kopuru horietara iritsi. Beraz, sekulako harrera izan du aurtengo ibilbide aldaketak: lehenengoz Irun eta Hondarribia artekoak izango dira bi probak.
Izena eman dutenen artean arakatuz, datu gehiago eman ditu BATek. Maratoi erdian %18 izango dira emakumeak, eta hamar kilometrokoan, berriz, %34 (bi proben artean emakumeen presentzia %24koa da, beraz). Jatorriari dagokionez, partaide gehienak Bidasokoak izango dira (%28 dira irundarrak, eta %8 hondarribiarrak). Donostiakoak %15 izango dira, eta %4 Errenteria-Oreretakoak. %9, berriz, Ipar Euskal Herritik edo Frantziako Estatutik iritsitakoak izango dira. Datu berezia: partaideen %7 bizkaitarrak dira.
BATek eskerrak eman dizkie era batera edo bestera laguntzen ari direnei, bereziki, etziko lasterketan errepideetan izango diren boluntarioei.
Irteerak eta dortsalak
Igandeko irteerak honakoak izango dira: 10 kilometrokoa 09:50an hasiko da Irungo Kolon hiribidetik, eta maratoi erdia 10:00etan; aldez aurretik partaideek izen emate fitxan jarritako denboraren araberako kaxoietan banatuko dituzte lasterkariak, eta proba bitartean zortzi erbiren laguntza izango dute.
10K-koak Mendeluraino (Alkain saltoki ingururaino) joango dira, han bira eman, Irundik zirkuitua egin, eta Urdanibia plazan izango dute helmuga. Maratoi erdikoek (21 kilometrokoa da), berriz, Kolonen hasiko dute bidea Hondarribirantz, hango Kai Berrian ‘ziaboga’ egin, Irunera joandakoan han zirkuitua egin, eta Urdanibian izango dute helmuga. Ibilbidearen xehetasunak ikusteko klik egin hemen. Anoa postuak honako kilometroetan jarriko dituzte: 3,2-7,5-11,8-14,9 eta 18,4.
Bestalde, dortsalak jasotzeko epea zabalik dago. Hona datuak:
- Gaur (ostirala) Irungo Deportes Gonzalez saltokian, 10:00-13:00 eta 16:00-20:00 tarteetan.
- Bihar (larunbata) Irungo Deportes Gonzalez saltokian, 10:00-13:00 eta 16:00-20:00 tarteetan.
- Etzi (lasterketaren egunean), Uranzu pilotalekuan, 08:15etik 09:30era.