UEMAren lansaioa jaso dute udal zinegotziek
Euskararen kale erabileragatik kezkatuta, Hondarribia UEMAko kide izatea erabaki zuten azaroan udalbatzan. Iragan ostegunean udal zinegotziak Irati Odriozola UEMAko teknikariarekin bildu ziren.
Iragan ostegunean Hondarribiko Udaleko zinegotziek Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) izendatutako Irati Odriozola teknikariaren lansaioa jaso zuten. UEMA Euskal Herriko 107 udalerri biltzen dituen mankomunitatea da, 342.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen duena. UEMA osatzen dutenetatik, Hondarribia 104. herria da. Mankomunitatearen helburua da euskararen normalizazioan eragitea, berazitasun batekin: udalerri euskaldunen begiradatik egitea.
Garoa Lekuona udaleko Euskara zinegotziak adierazi du Hondarribiko euskararen egoerarekin “kezkatuta” daudela: “Hondarribiko euskararen egoerak asko kezkatzen gaitu, euskara ezagutza maila altua bada ere, %72,85, erabilera datuak oso kezkagarriak dira. Egunerokoan hamar hondarribiarretik bik baino gutxiagok egiten dute euskaraz. Datu hauen ondorioz, Hondarribia erdara nagusi duen udalerri euskalduna da. Egoera hau errotik aldatzeko ekimen berriak martxan jarri behar ditugu, eta horren harira, iazko azaroan udalbatzan Hondarribia Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izatea erabaki genuen. Erronka handi honi ekiteko ezinbestean laguntza behar dugulako”.
Udalaren eta UEMAren arteko elkarlanak “bere fruitua” emango duela ziur da Euskara zinegotzia: “Udaleko jardueraz gain, udalerrian eragin nahi dugu bereziki, plazan, kalean. Euskara kontzientzia landu eta gure herriko belaunaldi desberdinak euskaraz bizi daitezen jardungo dugu. Udala, herritarrak eta elkarte desberdinek, denon artean euskara komunitatea saretuz eta gurea den hizkuntzan egunerokoan biziz”.
Lekuonak ere ostegunean egindako bilkuraren xehetasunak eman ditu: “Ostegun arratsaldez lansaioa izan genuen Areto Nagusian. Bertan udalean ordezkatutako alderdi politiko guztietako zinegotziek parte hartu genuen. Hondarribiko errealitatea aztertu zen, UEMAko kide izateak izango duen eraginaz aritu ginen, lehentasunezko lan lerroez hausnartu genuen eta argi ondorioztatu genuen Hondarribia euskalduntzea udala zein herriko eragileekin batera egin behar dugun lana dela. Zentzu horretan, herriko eragile desberdinekin lanketa hasiko dugu eta beraiekin bilduko gara datozen asteetan”.
UEMA 1991n sortu zen Aizarnazabalen. Bertan, herri txiki euskaldunetako hainbat udal ordezkari bildu ziren, herri bizitza euskaraz egin arren, udaletxeetako jarduna erabat gaztelaniaz zelako. Egoera horri erantzutea izan zen mankomunitatearen lehen erronka: bizitza pribatu zen publiko guztia euskaraz egiteko aukerak irekitzea. Udalak euskaldundu badira ere, plazak erdaldundu direla nabarmendu du Hondarribiko Udalak. Hori dela eta, 2011z geroztik, udalerrietako faktoreei begira ere egiten du lan UEMAk.