'Shine' dantza ikuskizuna Amaia KZko oholtzan
Lasala konpainiak taularatuko du Judith Argomanizen azken lana. Zuzendaria bertan izango da ikusleen hausnarketak entzun eta galderei erantzuteko.
Lasala antzerki konpainiak Shine ikuskizuna Amaia KZtako oholtzara igoko du larunbat honetan. Judith Argomanizen azken dantza obra honek gorputzaren objektualizazioa, hedonismoarekiko adikzioa, epe laburtasuna eta ihesbidearen bilaketa etengabea landuko ditu.
Hitzordua 19:00etan finkatu dute eta sarrerak ohiko bideetan lor daitezke dagoeneko. Argomaniz bertan izango da, eta ikusleen hausnarketak eta galderak entzuten eta erantzuten arituko da, emanaldiaren bukaeran.
Ikuskizunaren egun berdinean doako dantza tailer bat eskainiko dute, 12:30etik 14:00era bitartean, Amaia KZn. Ikuspuntu ludikoa izango du eta parte hartzaileek askotariko tekniken bidez dantzaz gozatzea lortzea izango da haien helburua. Esaterako, gorputzaren kontzientziaren, espazio eboluzioaren eta musika eta erritmoaren arteko harremanaren bitartez. 16 urtetik gorakoentzat da.
Plaza kopurua mugatua dela jakinarazi dute eta, hartara, erreserba egin behar da, ostiraleko 14:00ak baino lehen. Horretarako udalaren orrialdean sartu behar da. Izen ematen dutenek, gainera, Shine ikuskizunerako bi sarrera lortuko dituzte baten prezioan.
Haur txokoa
Larunbat honetan, ikuskizunaren egunean, ludoteka zerbitzua eskainiko dute Erdiguneko haur txokoan (Gipuzkoa hiribidea, 8). Zerbitzua 4 urtetik 12 urtera bitarteko haurrentzat izango da, doakoa, eta 18:45etik aurrera. Erreserba egin behar da zerbitzua baliatzeko udalaren webgunean, ostiraleko 14:00ak aurretik. Hala eta guztiz ere, epez kanpo ere kontsultatu ahal izango da ea tokirik dagoen 636 994 688 telefono zenbakira deituta.