Jurgi Diaz, txapeldunorde Gipuzkoako Banakako Gazte Mailako txapelketan
Txapelketa berean, Aritz Tornay bosgarren izan da. Emaitza paregabeak Marlaxkarentzat. Taldekako txapelketei dagokionez, bi berdinketa eta bi porrot asteburuan.
Inauterietako atsedenaren ondoren, lehiara itzuli dira Marlaxkako xakelariak. Larunbatean taldekako Euskal Ligako seigarren jardunaldia eta taldekako Gipuzkoako Ligako bosgarrena lehiatu ziren. Marlaxkako kideen balantzea honakoa izan da: bi berdinketa eta bi porrot.
Euskal Ligan Hondarribia Marlaxka A-k lidergoan den Gros A taldearen aurka jokatu zuen Donostian. Borroka gogor baten ondoren, lau partidetan parra bakarra lortu zuten, eta garaipena etxean geratu zen. Emaitza horrekin, Marlaxka sailkapeneko zazpigarren postuan kokatu da.
Gipuzkoako Ligan, Gorengo Mailako taldeak Errenteria-Oreretan jokatu zuen Luzaro Orereta A-ren kontra. Garaipenak Hondarribira bidaiatuko zuela zirudienean, partida okertu eta parra bakarra lortu zuten Marlaxkakoek, garaipena etxean geratuz. Emaitza horrekin, Marlaxka sailkapeneko laugarren postura jaitsi da.
Gipuzkoako Ligako Lehen Mailako taldeak, aldiz, berdindu egin zuen etxean Billabona C taldearen aurka. Berdinketarekin sailkapeneko bigarren postua mantendu dute.
Gipuzkoako Ligako Hirugarren Mailako taldeari dagokionean, Marlaxka D-k berdindu egin zuen Donostian Gros L-ren kontra.
Gipuzkoako Banakako Gazte Maila
Urtarrilaren 14tik hilaren 18ra arte, Gipuzkoako hamabi gazte Gipuzkoako Banakako Gazten Mailako txapelketaren lehian aritu dira nor baino nor. Errenteria-Oreretako Beraun Xake Klubaren egoitzan lehiatu da txapelketa, erritmo klasikoan, bost txandetako suitzar sistemako txapelketan. Atzo lehiatu zen azken jardunaldia. Marlaxkak uzta bikaina jaso du, Jurgi Diaz txapeldunorde izan baita, eta Aritz Tornay, bosgarren. Txapelketa faborito nagusiarentzat izan da, Gros XT taldeko Zuhaitz Gimenezentzat.