Egoera irregularrean daudenen euskara ikasteko eskubidea aldarrikatu dute AEK-k eta IHSk
Pasa den ostiralean ekitaldi nazionala egin zuten Korrika kulturalaren barruan AEK-k eta Irungo Harrera Sareak. Euskara ikasteko denentzako eskubidea bermatuta egotea eskatu zuten.
AEK-k eta Irungo Harrera Sareak Hizkuntzak mugarik gabe ekitaldia burutu zuen pasa den ostiralean. Aldarri nagusia egoera administratibo irregularrean daudenen euskara ikasteko eskubidea izan zen eta hori bermatuta egon behar dela eskatu zuten Aize Otaño Artezkaritza Kontseiluko kideak. “Botere publikoek bermatu behar dute hizkuntza ezagutzeko eskubidea, herritarrei ezagutza doan eskainiz”.
Urtez urte euskara ikasteko eskubiderik ez dutenen pertsona kopurua “hazten” ari dela diote, “guk lau haizetara aldarrikatu nahi dugu inor ez dela ilegala, eskubide guztiak , eskubide berberak, denontzat direla”. Euskal Herriko administrazioei zuzendu zaie eskatzeko “eredu” izatea: “Bada unea neurriak hartzeko euskal herritar orori euskara ikasteko bidea doakoa izan dakion. Izan ere, existitzen ez denak ezinezko du gainontzeko herritarroi zor zaiguna eskatzea”.
Harro herri leloari eutsi eta euskararen komunitatea zabala izateko “inor kanpoan utzi gabe”, dimentsio guztietan eragiteko “konpromisoa” galdegin dute, “herriaz harro, herria batuta. Harro herria”.
Bertan izan zen ere Ane Elordi Korrikaren arduraduna eta euskararen komunitatea indartzeko ezinbestekotzat jo zuen Euskal Herrira iristen direnak “besoak zabalik” hartzea: “Haiek ere euskararen herriaren parte dira, eta lehenagotik hemen gaudenon eginbeharra da haien bidea samurtzeko erremintak ematea”.
IHSko Alaine Aranburuk gogoratu du Korrika kulturalean parte hartzea herriko beste eragileek egin gisan bururatu zitzaiela. “konturatu ginen muga edota arrazakeria lantzen dituzten euskarazko eduki kultural ugari daudela, eta horietako batzuk zeharka IHS aipatu izan dutela ere”. Horiek zerrendatzen hasi zirela diote eta egitaraua findu zutela.
Euskara “mundua begiratzeko gure leihoa” dela azaldu du Aranburuk eta hizkuntzak identitatearekin lotura zuzena duela zehaztu: “Guk mugarik ez dagoela esaterakoan euskara izaten dugu ahoan, nahiz eta, jakin, batzuetan, azaila izaten dela mugen estatu sistema pairatzen ari den norbaiti azaltzea euskaraz hitz egiten dugun lurraldea garela. Baina, temati, egin egiten dugu. Irundik, Baionarat”.
Martxoaren 14an abiatuko da Korrika San Juan plazatik, goizero-goizero IHSk harrera mahaia jartzen duen leku beretik eta aurreratu dute egunaren goiz horretan ere halaxe izango dela. “Ondoren, 16:00etan, martxan hartuko du Korrikak eta, guk, Harrera Harro Herria garela eta izaten jarraitu nahi dugula aldarrikatuko dugu egun horretan ere”.
Horrela, aurkezle lanetan IHSko Itziar Gomez eta Irungo AEK-ko Beñat Alzaga izan zirelarik, African vibes dantza taldeko Abdoul Djane bolikostarra eta Babou Senghor senegaldarrak izan ziren bertan. Lehen Saiakera dokumentala proiektatu zuten ere eta Natalia Berridi egileetako batek hitza hartu zuen. Amets Arzallusek Miñan liburua izan zuen ardatz irakurri zuen testuan eta, ondoren, bertsoak bota zituen bota zizkioten hariekin.
Paperezko bizitzak ipuin lehiaketa
AEK-k Paperezko bizitzak ipuin lehiaketa bat martxan jartzeko probestu zuen plaza. Hala, administratiboki egoera irregularrean dauden pertsonen egoeraren inguruko kontakizun laburrak idaztean datza lehiaketak, euskaraz, nola ez. Oinarriak, Korrikaren orrialdean topa daitezke.
Jarraian ageri diren argazkiak Korrikarenak dira.