Telefono kabinei bizitza berri bat eman die Irungo Udalak
Udalak Uztapide Bertsolaria kaleko telefono kabina bat liburutegi bilakatu, eta hirian martxan dauden liburutegi sarean txertatu du. Datozen hilabeteetan beste bi kabina berreskuratuko dira, bat Santiagon eta bestea Arizmendi Almirante kalean.
Irungo Udalak bizitza berri bat eman dio Uztapide Bertsolaria kaleko telefono kabina bati, liburutegi bilakatu baitu. Kabina hori liburuak trukatzeko egokitu du udalak, eta hirian martxan dauden liburutegi sarean txertatu du. Azken liburutegia kontuan hartuta, Irunek lau liburutegi libre dauzka hirigune osoan: Almudena Grandes plazatxokoa, Jostun plazakoa, Behobiakoa eta Uztapide Bertsolaria kalekoa. Datozen hilabeteetan, gainera, udalak beste bi telefono kabina berreskuratuko ditu, bat Santiagon eta bestea Arizmendi Almirante kalean.
Altzukaitz eta Uztapide Bertsolaria kaleen artean dagoen liburutegi libre berria gaur estreinatu dute Nuria Alzaga Bide Publikoko eta Garapen Iraunkorreko ordezkariak eta Borja Olazabal Mugikortasuneko ordezkariak. Hala ere, gune hori aurrez martxan zegoen, inguruko irakurleak hasiak baitziren zerbitzua erabiltzen, liburuak hartzen eta uzten.
Telefono kabinak birziklatzeko egitasmoa ez da ezerezetik sortu. Iazko abuztuan udalak lagapen akordio bat sinatu zuen Telefonicarekin, eta kabina batzuk berreskuratzea erabaki zuen liburutegi bilakatzeko. Orotara, hiru telefono kabina egokituko dira hirian, nornahik erabiltzeko.
Uztapide Bertsolaria kaleko telefono kabinak irakurtzera animatzen duten esaldiak dauzka; hala nola, Maria Moliner liburuzain eta artxibozainarena. Udaleko Bide Publikoko arloa arduratu da kabina hori egokitzeaz. Jarduketa horien barruan elementu hondatuak konpondu eta kabina sakon garbitu dute. Liburutegiaren barruan altzairu herdoilgaitzeko hiru apal ezarri dituzte liburuak uzteko. Obra arloak ere esku hartu du, eta kabinaren sarreran zorua estaltzeko plantxa batzuk jarri dituzte, barruko zikinkeria minimizatzeko.
Liburutegi libre berriko lehen liburuak CBA udal liburutegiak jarri ditu, baina hemendik aurrera gainontzeko liburutegien antzera funtzionatuko du: liburu bat hartu nahi dutenek beste bat utzi beharko dute, herritarrek beti izan ditzaten liburuak aukeran.
Honakoa esan dute udal ordezkariek abiatu duten egitasmoaz: Nuria Alzaga: “Proiektuak bi helburu konbinatzen ditu. Batetik, irakurzaletasuna sustatzen dugu, liburuak kalera aterata eta literatura bistaratuta. Bestetik, zaharkituta gelditu diren baina oroitzapen onak dakarzkiguten elementuak berrerabiltzen ditugu. Horrelako gainontzeko liburutegiek oso harrera ona izan dute, eta ziur nago hauek ere izugarri gustatuko zaizkiela herritarrei”.
Borja Oalzabal: “Honelako jarduketen bidez, dagoeneko erabiltzen ez diren kaleko altzari batzuk birziklatzen ditugu, eta, horrela, eredu gara. Lehenengo, banku birziklatuak jarri genituen Berrotaran karrikan, eta, orain, kabina hauek berrerabili ditugu. Bistan denez, Bide Publikoko arloak elementu asko errekuperatzen ditu, Irungo Udalaren ingurumen politiken adierazgarri. Bide hau hartu dugu, eta hemendik segituko dugu”.