Mairutan ibiltzeko ohitura mantentzeagatik, omenaldia
Hogeita bost urte zituenetik 1994. urtera arte ibili zen Zelestina Miranda Bengoetxea mairutan. Poz handia hartu zuen Emeki elkarteak ohitura berreskuratzea erabaki zuenean.
Hiru hamarkada igaro dira Emeki Emakume Elkarteak puska biltzearen ohitura zaharraren lekukoa hartu zutenetik. Haien aurretik Zelestina Miranda Bengoetxea Xele aritzen zen mairutan. 25 urte zituenetik 1994. urtera arte jarraitu zuen ohiturarekin, haren izeba Zelestinaren pausuak jarraituz. «Hura ere jantzi eta martxa ibiltzen zen. Nik gauza bera egin nuen. Gazte-gaztetatik ekarri nuen grin hura». Gehienetan bakarrik aritzen zen, haren ahizpek ez eta beste inork ez baitzuen mairutan irten nahi izaten.
Etxean zituen arropa zaharrenak jantzi, kortxoarekin aurpegia margotu, ahoko soinua hartu eta martxa egiten zuen. Akartegi auzotik hasi eta Mikel Enea baserriraino joaten zela kontatu du, familiakoak zirelako. Ondoren, Gornutz auzotik egiten zuen itzulera. Mirandak txantxetan azaldu du urte haietan sasoian zegoela. Buelta itzela egiten zuen.
1994an egin zuen azken irteera. Orduko hartan senarrarekin eta haren lagun batekin irtetea lortu zuen. «Hiruak jantzi eta buelta osoa eman genuen. Arrautzak biltzen genituen eta gero tortilla egin eta jan egiten genuen», dio, barrez. Asko ziren ateak zabaltzen zizkieten baserriak. «Bidean zehar hitzik egin ez, eta baserrietara iristen ginenean ahoko soinua jo eta dantzan aritzen ginen. Gelditzen ginenean arrautzak eta dirua jaso, eta martxa». Mirandarena da, egun, mairuei atea zabaltzen dien baserritarretako bat, Nabarro Enea du izena.
30. urteurrena
Zelestina Mirandak poz handia hartu zuen Emekik mairuen ohitura berreskuratzeko hautua egin zuenean. «Ibil dadila norbait. Batek laga eta beste norbaitek hartu dezala. Gu ez gara betiko». Ohiturak mantentzea, oro har, zaila izaten dela iritzi du, eta puskak biltzen ibiltzen zenetik gauzak asko aldatu direla uste du: «Diferentzia asko atzematen dut. Norberak eman behar du orain pausua. Gauza ederra da ohiturak jarraitzea. Batek ematen ez badu, besteak eman dezala».
30 urte igaro dira Emekik ohiturari jarraipena eman zionetik, eta urteurrena baliatu zuten larunbatean Xele omentzeko. «Izugarria izan da hori niretzat, handia! Ez nuen hori merezi» aipatu du. Usadio zaharrarekin urte askoan jarrai dezatela opa die Emekikoei.