Egoiliarren oroitzapenak biltzen dituen erakusketa inauguratu dute
Caser Betharram-eko egoiliarrek oso adi ikusi dituzte gazteek osatutako jostailuak eta gogoz kontatu dituzte gaztetan bizitakoak.
Gaur goizean egin dute Hondarribiko Liburutegiak eta Nagusilan elkarteak antolatutako erakusketaren inaugurazioa. Caser Betharram adinekoen egoitzaren sarreran izan da aurkezpena eta irakurketa klubean parte hartu duten egoiliarrez gain, asko izan dira ekitaldira gerturatu direnak. Nekane Barandiaran irakurketa klubeko gidaria eta Ortzi Alonso, Kultura zinegotzia, ere bertan izan dira.
Irakurketa klubean El niño republicano de Beraun liburua irakurri zuten iaz eta saio ezberdinetan kontatutako egoiliarren oroitzapenak eta historiak bildu zituen Barandiaranek. “Panpinak egiten zenituztela, trikimankoekin ibiltzen zinetela eta jostailu ezberdinak nola egiten zenituzten kontatu zenidaten” aipatu du aurkezpenean. Informazio guzti hori Hondarribiko Udal Liburutegira eramatea pentsatu zuen. Hala, 2023ko abenduan gazteekin egiteko tailer bat antolatu zuten. Bertan, egoiliarrak txikiak zirenean inguruan zutenarekin egiten zituzten jostailuak egin zituzten eta gaurkoan, gazte horiek egindakoak Betharram-era eraman dituzte.
Barandiaren ondoren hitz egin du Alonso zinegotziak. Lehenik eskerrak eman dizkie bertaratu direnei, bai eta Irakurketa klubean parte hartu duten guztiei ere. Gobernu Taldeko kideak balioan jarri nahi izan du generazio ezberdinen arteko transmisioa, “gogoan dut kromoekin eta txapekin jolasten ginenean, gure seme alabek ez dakite zer den hori”. Denek oso lan polita egin dutela iritzi du eta honakoa, generazioen arteko transmisioa garatzeko hasiera puntua izan dela azaldu du: “Ideia eta iniziatiba berriak hartu beharko dira”.
Aurkezpenak amaituta, gazteek parte hartu zuten tailerreko argazkiez osaturiko bideo bat erakutsi diete bertaratutakoei. Ondoren, solasaldi bat egin dute adinekoen egoitzako langile batek gidatuta. “Gustatu zaizue?” galdetu du Betharram-eko langileak. “Oso polita!” erantzun dio bertaratu den egoiliar batek.
Liburuak garai bateko Irun-ez hitz egiten du eta jendearen eta haurren bizimoduak azaleratzen ditu. Haurrak jolasten zuten bitartean helduak kontrabandoan aritzen zirela kontatu dute. Izan ere, garai hartan kontrabandoa beharrezkoa izaten zuten bizirauteko. Hainbat adibide eman dituzte aurkezpenean. Batzuk legatza gorputzera lotu eta muga igarotzen zutela eta beste batzuk, Moscatel botilak bestaldera eraman (Ipar Euskal Herrira) eta kobrea eta beruna hanketan kiribilduta ekartzen zutela kontatu dute. Azken batek, muga ireki zutenean erosi zuten lehenengo gauza ogi txuri bat izan zela gogoratu du.
Oso momentu berezia izan da gaur goizekoa. Egoiliarrek adi-adi ikusi dituzte gazteek osatutako jostailuak eta gogoz kontatu dituzte gaztetan bizitakoak. Aurkezpenarekin amaitzeko irakurketa klubekoak ez ziren egoiliarrak bertan parte hartzera animatu dituzte.