"Kulturak gizartea eraldatu dezakeela uste dut"
2023aren bukaeran argitaratu zuen Kotabitartek ‘Baloreak’ liburua. Balio unibertsalen bidez migranteek Bidasoan jasaten duten egoera azaleratu du, poemak eta ilustrazioak uztartuz.
Nola otu zitzaizun proiektu hau sortzeko ideia?
Duela bi urte inguru haurrentzako liburuak argitaratzeko prozesuan nenbilen. Momentu hartan bururatu zitzaidan polita izan zitekeela hamabi ilustratzaileri balio baten inguruko marrazki bat egitea eskatzea, eta nik neuk horietako bakoitzari testu bat ipintzea. Ideia garatuz joan nintzen, baina benetan guztiak zentzua hartu zuen Hondarribitik paseatzen nenbilen egun batean migratzaile batzuen bila zebilen txalupa bat ikusi nuenean. Gerora hilda agertu ziren. Une hartan ulertu nuen, nolabait, bizitza berri baten bila datozenei eta ibaian hil direnei eskainitako lana izan behar zuela.
Balio unibertsalak eta giza eskubideak baliatu dituzu migranteen egoera azaleratzeko. Nola egin duzue lotura?
Oso erraza izan da lotura hori egitea, ilustratzaileek berehala ulertu zutelako proiektua eta harekin transmititu nahi nuena. Beraz, ilustratzaileek egin behar izan zuten lotura hori. Nik balio unibertsal bat esleitu nion bakoitzari, migratzaileen dramarekin zerikusia zuena. Ilustrazio batzuk oso agerikoak dira, beste batzuk, berriz, sotilagoak. Lotura egitea ez da zaila izan, azkenean, balio unibertsalez ari garelako. Hori guztia erreibindikatu nahi dugu. Kontziente izan behar gara balioek, kasu honetan ere, duten garrantziaz.
Balioek, beraz, garrantzi handia hartu dute zure liburuan. Zure egunerokotasunean ere hala al da?
Leku garrantzitsua izan dezatela saiatzen naiz. Ez litzateke koherentea izango nire partetik egunerokotasunean balioei garrantzirik ez ematea eta ondoren balioen inguruko liburu bat idaztea. Balioak beste pertsona batzuengandik jasotzen ditugula uste dut. Nire kasuan lotura zuzena dute nire gurasoekin. Gurasoek balio batzuk irakatsi dizkidate, eta nire alabei horiek irakasten saiatzen naiz.
Liburura itzulita, nolakoa izan da prozesua?
Egia esan lan erraza izan da, nahiz eta hasiera batean zaila izan daitekeela dirudien. Hamabi ilustratzailek parte hartu dute proiektuan, Irungo idazle batek egin du hitzaurrea, eta nik neuk poemak idatzi ditut. Koordinazioak, beraz, garrantzi handia zuen eta oso erraza izan da. Gozamena izan da emakume hauekin guztiekin lan egitea. Astebeteren bueltan jaso nuen guztien baiezkoa.
Zein balio eta giza eskubide landu dituzue, eta nola egin zenuten aukeraketa?
Adiskidetasuna, askatasuna, bakea, berdintasuna, elkartasuna, errespetua, jasangarritasuna, justizia, leialtasuna, maitasuna, poza eta tolerantzia dira hamabi balioak. Liburuan aurkibide moduko bat egin dugu balio bakoitzari atxikitutako ilustrazioaren zati batekin. Hala, ilustrazioa ikusteko liburu barrura sartu behar zara. Hasieran, denok erraz ezagutu ditzakegun balio unibertsalak zeintzuk izan zitezkeen ikertu nuen. Hogei hitzez osatutako zerrenda egin nuen, eta, horietatik, hamabi hautatu nituen. Hasieratik izan nuen argi hamabi izatea nahi nuela, hilabete bakoitzeko bat. Esan beharra dut azken aukeraketa ausazkoa izan zela, baina argi nuen guztiek GJHekin (Garapen Jasangarrirako Helburuak) zerikusia izan behar zutela.
Zer sortu zenituzten lehenago, poemak ala ilustrazioak?
Prozesu paraleloa izan zen. Ilustratzaileak irudiak lantzen hasi ziren eta ni testuak idazten. Zenbaitek, beren balioaren inguruko poema eskatu zidaten, inspirazio gisa. Beste batzuk, poemak irakurri gabe marraztea nahiago izan zuten. Edozein modutan, argi nuen ilustrazioak jaso arte ez nituela poemak amaitutzat emango, poemak osatzeko inspirazio iturri izan zitezkeelakoan.
Guztira hamalau emakumek hartu duzue parte proiektuan.
Bai. Nahita egindako zerbait izan da hori. Lehen minututik emakumeen arteko lankidetzan sortutako proiektua izatea nahi nuen, arrazoi sinple batengatik: emakume sortzaileak babesteko, espazio bat emateko, eta beren talentuaren alde egiteko.
Liburuko hitzak zureak dira. Zaila egin zitzaizun gai horretan sakontzea?
Oso prozesu interesgarria izan da, aurretik izan ditudanetatik erabat ezberdina. Migratzaileen aferan zeharo murgiltzen saiatu nintzen, eta balio unibertsal horietan oinarrituz esaldi laburrak sortzen eta mugikorrean edo koadernoetan hitzak soltean idazten nituen. Prozesua pixka bat kaotikoa ere izan zen. Adibidez, 04:00etan ideia batekin esnatzen banintzen, hura idaztera jaiki behar izaten nintzen. Irailean hasi eta azaroaren erdialderako liburua inprimatuta genuen. Oso prozesu trinkoa izan da, baina oso gogobetegarria aldi berean.
Elkarrizketa batean aipatu zenuen edertasuna aldarrikatzeko poemak zirela. Zer esan nahi zenuen horrekin?
Baloreak hitzen iraultza txiki eta isila da, zeinak edertasuna aldarrikatzen duen. Kulturak gizartea eraldatu dezakeela uste dut. Nire egunerokotasunean ikusten dut hori. Kulturak pertsonak indibidualki eta gizartea kolektiboki eraldatzeko balio dezake. Baloreak-ek, finean, drama bat du hizpide, baina edertasunaren bidez jorratzen du, ilustrazio ederren bidez, eta horiek laguntzen saiatzen diren hitzen bidez.
Badago bereziki lanketa berezia behar izan duen kontzepturik?
Egia da poztasunaren balioa zaila izan zitekeela, kontuan izanda gure etxe ondoan hiltzen diren pertsonez ari garela. Baina uste dut Ane Garmendiak eta nik neuk ahal bezain ondo konpondu genuela. Nire aldetik, poztasuna aldarrikatu nahi izan dut, gizakiak berariazkoa duen zerbait delako. Beren jaioterria utzi eta aurrera egin ahal izateko kontinenteak gurutzatu behar dituzten arren, inork ez du migranteei alaitasuna kentzeko eskubiderik. Eta ilustrazioa ere bide beretik doa. Zentzu guztietan dualtasuna transmititzen du: tristurarekin eta alaitasunarekin jolasten du, baita kolorearekin ere.
Ilustrazioak banan-banan jaso zenituen. Zer sentitu zenuen horiek lehen aldiz ikusterakoan?
Ilustrazioak jasotzea gauzarik zirraragarrienetako bat izan dela uste dut. Juliette-n liburuak idatzi nituenean antzeko zerbait gertatu zitzaidan. Pertsonaiaren lehenengo irudiak jaso nituenean nik imajinatutako guztiak bizia hartzen zutela sentitu nuen, magia bezalakoa izan zen. Julia Lasa Hondarribiko ilustratzailea da, eta bera izan da diseinu grafikoaz, alderdi bisualaz eta maketazioaz arduratu dena. Norbaitek ilustrazioa karpetara igotzen bazuen, Juliak abisua pasatzen zidan eta elkarrekin ikusten genuen. Ilustratzaile bakoitzak bere arrastoa utzi du. Hau da, norberak bere estilo propioa eta teknika erabili du balioak irudikatzeko. Hori bai, denek paleta kromatiko bera erabili behar izan dute, nolabaiteko uniformetasuna eta koherentzia kromatikoa bermatzeko. Ikerketa bat egin ondoren, Bidasoko eskualdearekin zerikusia duten zazpi kolore aukeratu genituen.
Poesia eta ilustrazio lan hau liburu batean bildu duzue, baina tapakia nahiko berezia da, ezta?
Zalantza asko izan nituen hemen. Hasieran, gustukoen nuen ilustrazioa portadara eramatea pentsatu nuen, baina gero ezinezkoa egin zitzaidan bakarra aukeratzea. Gainera, ilustratzaile bati beste bati baino garrantzia gehiago ematea izan zitekeela pentsatu nuen. Julia Lasak collage moduko bat egitea proposatu zidan, baina gaia kontuan izanda portada neutroa izan behar zela pentsatu nuen gero. Azkenean, migranteek pairatzen dutenaz hitz egiten ari gara. Ilustraziorik gabeko portada sinple bat egin genuen, jendeak ikusminez ireki dezan liburua.
Iazko abenduan egin zenuten aurkezpena. Nolakoa izan zen momentu hori?
Oso aurkezpen polita izan zen. Hamar ilustratzaile etorri ziren eta horietako batzuk une horretan ezagutu nituen aurrez aurre. Ordura arte bideo-dei bidez elkartu ahal izan ginen soilik, agenda kontuak zirela eta. Aurkezpena bere horretan zirraragarria izan zen. Jende asko etorri zen, eta beno, proiektu pertsonal bat aurkezteak ere karga emozional handia izaten du.
Liburua argitaratuta, nola sentitzen zara?
Oso hunkigarria da liburua dendetan ikustea, baina batez ere izan duen harrera izugarria izan da. Denbora asko pasa da lehen ideia hura egi bihurtu den arte, eta batez ere jendearengan izan duen inpaktua ikustea polita izan da. Irakurketa lasaia egiten dutenean, ilustrazioak ikusteaz gain poemak irakurtzen eta gaiaren inguruan hausnartzen dutenean… Egia esan jasotzen ari naizen feedback-a oso positiboa izaten ari da, eta lanean jarraituko dut hau guztia liburu batean soilik gera ez dadin. Liburua gaiaz hitz egiteko aitzakia izan dadila nahi dut, eta proiektu honekin gauza asko egin daitezkeela uste dut.
Argitaletxea: Autoekoitzia.
Testuak: Nerea Kortabitarte.
Hitzaurrea: Noelia Lorenzo.
Ilustrazioak: Ane Garmendia, Jone Taberna, Julia Lasa, June Martin, Maialen Arozena, Maore Sagarzazu, Naiara Goikoetxea, Nerea Bermejo, Noelia Sierra, Patri Taberna, Sara Essery eta Zuriñe Uriarte.