Errugbilari gazteena izango da asteburua
Txingudi Errugbiko harrobiko taldeak dira lehian arituko diren bakarrak. 14 eta 16 urtez azpiko taldeak Plaiaundin arituko dira, eta 18 urtez azpikoak, Donostiako Miniestadioan. Partida guztiak bihar dira.
Errugbilari gazteena izango da asteburua, harrobiko taldeak baitira lehian arituko diren bakarrak. 14 urtez azpiko taldea da berdegunera aterako den lehen taldea. Bihar jokatuko dute Plaiaundin, 10:00etan, Hernani-Atletico San Sebastian taldearen aurka. Gipuzkoako Ligako lehen fasea itxiko dute bihar.
Ondoren, 12:00etan, 16 urtez azpiko taldeak jokatuko du Plaiaundin, Logroñoko Rioja taldearen kontra. Iragan astean Arrasaten jokatutako partida “bikainaren” ondoren, ligako “talde indartsuenetako” bat jasoko dute etxean. Errioxarrek hiru garaipen lortu dituzte bigarren fasean jokatu diren lau partidetan, eta hirugarren postuan dira sailkapenean. Bidasoarrak, aldiz, zazpigarren dira.
Azkenik, 18 urtez azpiko taldeak Donostiako Miniestadioan du biharko hitzordua, 14:30ean. Sasoiko lehen garaipenaren bila irtengo dira bidasoarrak. Txingudi azken postuan da sailkapenean eta azken aurreko postuan den Durangoren kontra jokatuko dute. Bizkaitarrek bidasoarrek baino hiru puntu gehiago dituzte sailkapenean, eta lehen faseko partidan 45-0 nagusitu ziren durangarrak.
Biok Txingudi, bigarren fasearen bila
Biok Txingudik bigarren faseko egutegia ezagutu du. Martxoko lehen asteburuan itzuliko dira lehiara Gasteizen. Bigarren faseko berritasun nagusia da talde berriek izena emateko aukera dutela, eta bidasoarrek zazpi aurkari izango dituzte. Lehen faseko azken sei talde sailkatuez gain, Neskak Loratzen, Getxo eta Mungiak osatutako taldeak bigarren talde bat aterako du. Txingudiren helburua da “lehen fasean egindako lana errepikatzea”.
Beterano eguna, hilaren 24an
Urteroko ohiturari jarraituz, Txingudik jokalari ohiei egun bat eskainiko die. Aurtengo beteranoen eguna hilaren 24an izango da. Errugbilariak 11:00etan jarriko dira martxan Plaiaundin, beteranoei eta ingurukoei irekitako tokata batekin. Hirugarren denbora ere egingo dute. Ondoren, Gabiria jatetxean bazkalduko dute, eta arratsaldean, topaketa Irungo Kale Nagusian kokatua dagoen Rugby tabernara mugituko da.
Klubak adierazi du beteranoen egunera apuntatzeko aukera dagoela oraindik. Informazio gehiagorako 688 74 53 62 telefonoa ahalbidetu dute.