1.000 partaideen muga gaindituko dute Bidasoko maratoi erdiak eta 10K lasterketak
Hilaren 25eko bi proben azken xehetasunak eman dituzte gaur. Lehenengoz eskualdekoa izango da lehen Irunen bakarrik lehiatzen zen lasterketa.
Gaur eman dituzte Bidasoa Atletiko Taldeko (BAT) kideek, Irungo eta Hondarribiko udal ordezkariek eta aldundikoek, nahiz babesleek Lomeña Fachadas I. Bidasoko Maratoi Erdiaren nahiz harekin batera egingo den hamar kilometroko (10k) Rhenus Logistics-en babespeko lasterketaren azken xehetasunak. Datu bat eman dute: gaurko egunez bi proben artean 950 izen emate pilatu dira. Beraz, bi probak hilaren 25ean izango direnez, litekeena da 1.000 partaideen muga gainditu, eta beharbada txiki uztea. “Lasterketa eskualdearentzat egun garrantzitsua izatea nahi dugu. Ez bakarrik izatea garrantzitsu partaideentzat. Baita kanpokoentzat ere, tartean korrikalarien laguntzaileak”, azaldu du aurkezpenean BATeko ordezkari Ibon Muñozek. Zeregin horri eusteko 250 boluntario lanean izango direla zehaztu du Muñozek, eta haien ekarpena eskertu du. Aurretiko izen ematea hilaren 23ra arte da zabalik.
Aurten, gainera, berritasun nabarmena du probak. Aurreko edizioek Irundik izan dute ibilbidea, baina aurten lehenengoz Hondarribia ere zapalduko dute lasterkariek. Horregatik du izen berria probak, Bidasoko I. Maratoi Erdia
Lasterketen xehetasunetara jo du ondoren Muñozek. Irteerak honakoak izango dira: 10 kilometrokoa hilaren 25eko 09:50an hasiko da Irungo Kolon hiribidetik, eta maratoi erdia 10:00etan; aldez aurretik partaideek izen emate fitxan jarritako denboraren araberako kaxoietan banatuko dituzte lasterkariak, eta proba bitartean zortzi erbiren laguntza izango dute. 10k-koak Mendeluraino joango dira, han bira eman, eta Urdanibia plazan izango dute helmuga. Maratoi erdikoek (21 kilometrokoa da), berriz, Kolonen hasiko dute bidea Hondarribirantz, hango Kai Berrian ‘ziaboga’ egin, eta Urdanibian izango dute helmuga. Ibilbidearen xehetasunak ikusteko klik egin hemen. Anoa postuak honako kilometroetan jarriko dituzte: 3,2-7,5-11,8-14,9 eta 18,4.
Dortsalak egun zehatzetan jaso behar dira. Ondokoak:
- Hilaren 22an (osteguna), Irungo Deportes Gonzalez saltokian, 16:00etatik 20:00etara.
- Hilaren 23an (ostirala) Irungo Deportes Gonzalez saltokian, 10:00-13:00 eta 16:00-20:00 tarteetan.
- Hilaren 24an (larunbata) Irungo Deportes Gonzalez saltokian, 10:00-13:00 eta 16:00-20:00 tarteetan.
- Hilaren 25ean (lasterketaren egunean), Uranzu pilotalekuan, 08:15etik 09:30era.
Maratoi erdian lehen bost emakume eta gizonek jasoko dituzte sariak, eta 10 kilometrokoan lehen hirurek. BATek iragarri du Gipuzkoako herri lasterketen panoramako kirolari onentsuenak izango direla hilaren 25ean Bidasoan.
Gaurko aurkezpenean, BATeko kideez jain, Hondarribiko nahiz Irungo Kirol zinegotziak (Lupe Queiruga eta Borja Olazabal hurrenez hurren), Marta Pastor Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendaria, eta probak babesten dituzten Fachadas Lomeñako (Gorka Lomeña) eta Rhenus Logistics-eko (Andoni Izquierdo) ordezkariak izan dira.