Mozorro lehiaketa irekia, Bidashopen iniziatibaz
Larunbat goizean egingo dute lehiaketa Luis Marianon eta banaka, binaka edo taldean parte hartu daiteke. Izen ematea ostegunean itxiko da.
![](https://bidasoa.hitza.eus/site/files/2023/11/bidashop-1200x802.jpg)
Hirugarren mozorro lehiaketa antolatu du Bidashopek eta hilaren 10ean izango da Luis Marianon, 11:00etatik 13:00era. Lehiaketa irekia da eta izena emateko epea hilaren 8an bukatuko da, ostegun honetan, 20:00etan. Horretarako lotura honetan sartu behar da, nahiz eta berandu dabiltzanentzako lehiaketa baino ordu bat lehenago izena emateko aukera zabalduko duten berriro, 10:15etik 10:45era.
Goiz dibertigarria pasa nahi dutenentzako dela lehiaketa azaldu dute antolatzaileek eta banaka, binaka edota taldean parte hartu daitekeela zehaztu dute. Musika egongo da eta Disney-ren zaleentzako photocalla, besteak beste.
Kategoria bakoitzeko saria banatuko dute eta hiriko pertsona ezberdinek osatutako epaimahaiak baloratuko duena da “mozorroaren originaltasuna, karakterizazioa, konplexutasuna eta sormena”.