Artiako Lagunak Denon Berdeguneak koordinadoraren parte da
Zuhaitzen eta ondare berdearen defentsarako manifestua sortzen aritu dira ere irundarrak. Udalei hainbat eskakizun egin dizkiete.
Ondare natural eta berdea, eta ekologia urbanoa defendatzen dituen Artiako Lagunak taldeak bat egin du sortu berri den Euskal Herriko Denon Berdeguneak koordinadorarekin. Lehen bilera urtarrilaren 27an egin zuten, Elorrioko Iturri kultur etxean. Koordinadoraren parte egiteko gonbita luzatu dute.
Lehenbiziko bileraren garrantzia azpimarratu nahi izan du taldeak, “elkarlanari hasiera” eman diolakoan, “gure herri eta hirietako zuhaitzen eta berdeguneen defentsa kontserbazioaren aldeko borroka partekatuan eta zuhaitzen eta ondare berdearen defentsarako”.
Aldi berean, zuhaitzen eta ondare berdearen defentsarako manifestua sortu dute. Koordinadorak “sumindura eta gaitzespena” adierazi diete udalen hainbat jarduketengatik: “zuhaitz mozketa masiboak, inausketa eta mutilazio basatiak, arborizidioa, zuhaitzen kudeaketa, plangintza eta landaketa ez betetzea eta gardentasunik ez izatea, parterreak eta txorkoak lauzatuta egotea, parkeak, lorategiak zuhaitzak eta parterrean ez mantentzea eta kontserbatzea”.
Udal batzuek, gainera, kaleak eta plazak kutsatu dituztela deitoratu dute eta leporatu egin diete osasungaitz, ibilgaitz eta bizi gaitz bihurtzeko ahalegina ere egin izana, “ingurumenarekiko sentsibilitaterik, kontzientziarik eta konpromisorik eza agerian utziz, Hiri Jasangarriaren eredurik eta proiekturik gabe, hiri ekologiarekin eta ingurumenarekin koherentzia eza erakutsiz”.
Gaineratu dute tenperatura altuei, kutsadurari, klima aldaketari eta horien ondorioei aurre egiteko tresnarik gabe utzi dituztela hiriak. Segidan, aldarrikatu egin dute ez dutela nahi itzalik, berderik eta zuhaitzik gabeko herri eta hiri bizigaberik. Era horretako hiriak izatearen erantzule zuzentzat jo dituzte udalak, “zuhaitzak eta berdeguneak babesteko eta kontserbatzeko zaindari nagusiak izan beharko lukete”
Lau eskakizun egin dituzte. Honako hauek dira hitzez hitz:
- Mozketa masiboa eta inausketa basatiak berehala geldiaraztea. Arrisku mailan dauden zuhaitzak mozteko erabakia azken aukera gisa onartzea eta berehala landaketa eta ordezkapen berri bati ekite, mozketa, zurtoina kentzea eta landaketa ekintzak prozedura bakarrean eginez.
- Berdeguneak, parterreak eta txorko lauzatuak eta zolatuak lehengoratzea eta berehala ordezkatzea, bai eta kendutako zuhaitzak berritzea eta zuhaitz txorko eta parterre hutsetan zuhaitzak landatzea ere.
- Hiri espazioak birnaturalizatzea, berdegune berriak sortuz, hala nola parkeak, lorategiak eta gerriko berdeak, asfaltoa gutxitzeko, biodibertsitatea bultzatzeko, airearen eta zarataren kutsadura murrizteko eta babesleku klimatikoak sortzeko.
- Gardentasuna. Egiazko sarbide publiko gardena honako informazioari buruz: parkeen eta lorategien kudeaketa, zuhaitzen udal inbentarioa, gauzatu baino 15 egun lehenagoko epeaz argitaratutako zuhaitz mozketa fitxa eta inausketa fitxa indibidualizatuak.