Kolore biziak eta asiar kutsua dituen kartela da inauterietakoa
Judas Arrietaren ‘Manga Mask Boy’ kartela izango da aurtengo Hondarribiko inauterietako irudia. Betiko kartel tipikoetatik ihes egin eta bere izaerari fideltasunez eutsiz sortu duen ilustrazioa da hondarribiarrak egindakoa.
Hondarribiko Inauterietako Kartel Lehiaketara aurkeztu diren 15 kartelen artetik onena izendatu du epaimahaiak Judas Arrietaren proposamena. Alabarekin marrazten zebilen egun batean otu zitzaion lehiaketara aurkezteko ideia. Alabari proposatu, eta bakoitzak kartel bana egiteari ekin zion. Hasieran bere koadro batean oinarritutako kartel bat lantzen hasi zela azaldu du Arrietak, baina alabak koadro itxura zuela-eta lehiaketa honetarako zentzurik ez zuela esan zion. Orduan, atzera egin eta berriro kartelean zer irudikatu nahi zuen birpentsatsatzeari ekin zion. «Azkenean ideia bat jarri, funtzionatzen duen ala ez ikusi, eta funtzionatzen ez badu beste buelta bat eman behar zaie lanei», kontatu du Arrietak. «Eta nik zortea izan dut ondoan beste marrazkien zale batekin nagoelako, eta beti bere iritziak ematen dizkidalako. Bion artean egindako lana da», gaineratu du sortzaileak.
Gogoeta egiten hasi zen orduan. «Gaztetan inauteriak iristen direnean zertaz mozorrotuko garen jakiteko irrika izaten dugu, eta gogoratzen dut nola, txikia nintzenean, gozoki dendetan paperezkoak edo plastikozkoak ziren karetak zeudela. Edozein trapu jarri eta horrekin ateratzen ginen lagunekin». Oroitzapen horretatik abiatuta, Japonian egiten dituzten jaietan ere maskarak erabiltzen dituztela otu zitzaion, «ez bakarrik inauterietan, edozein jai tradizionaletan ere asko erabiltzen dituzte».
Ilustrazio digitalean haur batek maskara bat jarriz bere izaera nola aldatzen duen irudikatu nahi izan du artistak kartelarekin. Horiz jantzita dago haurra: «Aurpegian maskara tradizional bat du, baina gero, alboetan edo atzealdean, Pokemonak edo Yo-kai Watch agertzen dira. Oso ezagunak diren pertsonaiak dira, ez bakarrik Japonia aldean, baita hemen ere. Ni, adibidez, Doraemon edo Pikatxurekin hazi naiz, eta gaur egun nire alabak ere ezagutzen ditu».
Alabarekin batera marrazten aritzen da Judas Arrieta
Artista plastikoa da Arrieta. Bere ibilbidean Asiako eragina duten lanak egin izan ditu, gehienbat identitateari buruz hitz egiten dutenak. Haatik, kolore biziak eta asiar kutsua duen proposamena ondu zuen. «Ez nuen kartel tipiko bat egin nahi, pailazoekin, veneziar kutsuarekin, edo Ziripot-ekin. Nire izaera mantendu nahi nuen kartelaren erronka horretan». Datozen asteetan herrian barrena izango da hark egindako euskarria, eta, noizbait, alabarena ikustea espero du.