Euskararen plan estrategikoa herritarren laguntzarekin diseinatuko du udalak
Uztailaren 31an egin zuten azken hausnarketa batzordea. Herriko eragileak euskara arloan saretu eta aktibatzeko aurrera eraman beharreko ekintzak zerrendatu eta lehenetsi zituzten bertan.
Urtarrileko batzordea. 2023-2027 legealdian euskararen erabilera sustatzea da Udal Gobernu Talde berriaren helburuetako bat. Haatik, euskararen plan estrategikoa lantzen ari dira. Lanketa, baina, ez dute bakarrik egingo, herriko eragile eta norbanakoekin elkarlanean osatuko dute.
Uztailaren 31an hausnarketa batzordea deitu zuten. Bertan, Elhuyarren aholkularitza teknikoak egiten duen dinamizazioaren bidez egoeraren diagnostikoa osatu zuten, euskarak herrian duen presentzia, erabilera eta egoera orokorra ezagutzeko. Batzordean, gainera, herriko eragileak euskara arloan saretzeko eta aktibatzeko ekintzak zerrendatu eta lehenetsi zituzten ere. Ekintza horiek aisialdian, kiroletan, merkataritzan, ostalaritzan, eta hezkuntzan euskararen “kontzientziazio eta prestigioa” areagotu ahal izateko direla zehaztu dute.
Honakoa ez da udalak deitu duen lehen batzordea. Azarotik urtarrilera bitarte hiru hausnarketa batzorde gauzatu zituzten. Horietan euskara sustatzeko erronkak, lan ildoak eta antolamendu ereduari buruzko gogoeta partekatuak egin zituzten.
Batzordetan adostutakoen ondorengo urratsa 2024 urterako plangintza osatzea eta bertan zehaztutako ekintzak abiatzea izango da. Gaienera,UEMAko kide bezala, teknikari baten laguntza du udalak. Horretarako herriko eragileekin bilerak antolatuko dituzte datozen asteetan, “bide orrian jasotakoen berri emateko eta lanari ekiteko”.

