Pista estalian, BAT onenen artean
Pista estaliko Euskadiko Kluben Arteko Txapelketan BATeko neskak bigarren izan dira, eta mutilak hirugarren.
Bidasoa Atletiko Taldeak (BAT) asteburu bikaina izan du. Donostiako belodromoan atzo (igandea) jokatutako pista estaliko Euskadiko Kluben Arteko Txapelketan emakumeen taldea bigarrena izan zen, eta gizonena hirugarrena. Biek ala biek oso talde indartsuen kontrako lehia egin zuten. Emaitza bikaintzat eman dute BATeko kideek.
Emakumeetan, gutxigatik ez zuen irabazi talde bidasoarrak. Izan ere, proba guztien puntuak jasota, Atletico San Sebastianek 86 puntu eskuratu zituen, eta BATek 83. Hirugarren taldea, Real Sociedad, urrun izan zuten 66 punturekin. Bidasoarren puntu emaria ulertzeko emaitzetara joan behar da.
Hala, Laia Olaskoaga 60 metroko lasterketan eta Victoria Briso luzera jauzian lehenak izan ziren. Bigarren postuak sei izan ziren: Malen Orduñak (pertika jauzian), Malen Martinezek (hesien 60 metrokoan), Naia Llorentek (altuera jauzian), Irene Muguruzak (2oo metrokoan), Marta Blancok (pisu jaurtiketan), eta 4×200 metroko laukoak (Leire Mariarenak, Irune Muguruzak, Malen Martinezek eta Laia Olaskoagak osatua) lortutakoak. Hirugarren postuak, berriz, beste bi: Izaskun Sanzena 800 metrokoan, eta Sara Manzisidorrena 3.000 metrokoan. Irati Errok (1.500 metrokoan) eta Alaine Agerraldek (400ekoan) laugarren postuak eskuratu zituzten, eta Eider Zumeaga seigarren izan zen jauzi hirukoitzean.
Gizonak, zilarretik oso hurbil
Gizonen taldeak ere lan bikaina egin zuen Donostiako belodromoan. Hirugarren izan ziren sailkapen nagusian 74 punturekin, Durango bigarrenetik lau puntura. Real Sociedad izan zen irabazle, 85 punturekin.
Puntu horiek guztiak lortzeko norbanakoen emaitzak, honakoak: Beñat Mikelarena irabazle izan zen 200 metroko lasterketan. Lau bigarren postu eskuratu zituzten BATekoek: Mario Estangak pertika jauzian, Iker Arozenak luzera jauzian, Gonzalo Tamayok pisu jaurtiketan, eta 4×200 taldeak lortutakoak (Egoitz Mikelarena, Liher Ugartemendia, Imanol Gil eta Ioritz Labandibar). Hirugarren postuak ere bere egin zituzten bidasoarrek: Aritz Zuazok altuera jauzian, Juan Errandoneak jauzi hirukoitzean, Aritz Leonetek 3.00 metrokoan, eta Ander Aramendik 1.500ekoan. Bestalde, Ioritz Labandibar laugarren izan zen 400 metrokoan, Adrian Mazo bosgarrena hesien 60koan, Mikel Agirre seigarren 60koan, eta Hugo Vazquez ere seigarren 800 metroko lasterketan.