[Elkarrizketa] «Liburuak Hondarribiaz hitz egiten du, baina bereziki bere jendeaz»
Herriko saregile, arrantzale eta nekazariak kameraren bidez jaso ditu argazkilari hondarribiarrak ‘Hondarribiko sareak’ liburuan. Herriaren izaera jasotzen saiatu da, ogibide horiek «esentzialak» izan direla dioelako.
Urte dezente egin dituzu proiektu horretan. Zein asmorekin abiatu zenuen?
Liburu honetan agertzen direnei eta haien lankideei omenalditxo bat egin nahi izan diet. Arrantzaleak, saregileak eta nekazariak Hondarribian esentzialak izan dira beti. Herrian hiru sektore izan dira beti, oso banatuta gainera. Batetik, arrantzaleak zeuden, San Pedro inguruan bizi zirenak. Bigarrenik, nekazariak zeuden, mendi inguruan. Eta hirugarrenik, kaletarrak zeuden, alde zaharrekoak. Haurra nintzenean askoz ere barku gehiago ikusten nituen portuan, eta askoz ere baserritar gehiago zeuden, baita baserri gehiago ere. Ikusi dut mundu horiek pixkanaka galtzen ari direla. Amona baserrikoa nuen eta aitona arrantzalea. Ogibide horiek historikoki kokatu eta jendeak ikus dezala nolakoak diren, galdu aurretik. Hori izan da asmoa. Liburuak Hondarribiaz hitz egiten du, eta bereziki bere jendeaz. Izaera oso indartsua baitauka Hondarribiak.
Nolakoa izan da prozesua? Zenbat lagunekin eta zenbat denboraz aritu zara kamerarekin?
Sare konpontzaileekin hasi nintzen, haiek baitira ahaztuenak. Arrantza bai, baina saregileen lana ez da hain ezaguna. Denak ikusi ditugu Butroi pasealekuan lanean, baina haien lana beti itzalean geratu da. Sekundarioa izan da, baina oso-oso garrantzitsua, sarerik gabe ez baitago arrantzarik. Hilabete luzez izan naiz haiekin, ia urte oso bat, prozesu guztia ikusteko.
Arrantzaleekin ere egun pila-pila bat pasatu ditut, beraiekin bizitzen. Esperientzia ederra bezain gogorra izan da. Itsasoa oso gogorra baita. Momentu oso politak izan ditut, baina gogorrak ere bai. Barkua errusiar mendi bat bezalakoa da.
Nekazariekin zertxobait gutxiago izan naiz, pandemiak harrapatu gintuelako. Haien lana ere oso gogorra da, eguraldiaren menpe bizi baitira. Hiru hilabeteko lana astebetean galtzen ikusi dut, pentsa.
Bi munduetan pasa dut ongi eta gaizki. Eta bi munduetan hori ikusi dut, lana dela garrantzitsuena.
Nola jaso duzu bertan ikusitakoa?
Orain arte bezala egin dut lan. Nire argazki guztiak unean bertan ateratakoak dira, momentu zehatz bat jaso nahi izan dudalako. Ez zait gustatzen argazkia probokatzea. Nekazariekin, adibidez, 40 gradutan egon gara lanean, eta argi txarrarekin gainera. Ez zait gustatzen ezer aldatzea, argazkiak naturalak dira. Argazkia dagoen moduan ateratzen dut, kanpoko iluminaziorik gabe.
Ogibideak uste baino gogorragoak dira, beraz?
Bai, zalantzarik gabe. Banekien itsasoa gogorra zela, baina gertutik ikustean ohartu naiz benetan zer den. Gauza asko ikusi ditut, eta oso zaila da. Beraiek ohituta daude, beraientzako normala da, baina kanpotik harrituta bizitu dut. Oso lan azkarra da, arriskuz beterikoa. Nik arriskuak ikusten nituen nonahi. Eta uneoro zaintzen ninduten arrantzaleek, oso erraza baita itsasontzitik erortzea. Eta eroriz gero eta konturatzen ez badira, hortxe geratzen dira itsasoan galduta. Bi munduak zailak dira, baina ederrak, hori berretsi dut. Plater bat jaten dugunean esan ohi izan dugu garestia dela, baina hori guztia ikusi ondoren, niri merkea iruditzen zait. Beste mentalitate batekin itzultzen zara mundu horietatik, niri hala pasa zait.
Bidelagunak izan dituzu liburua biribiltzeko. Pozik emaitzarekin?
Oso pozik nago haiei esker lortutako emaitzarekin. Joana Otxotekok egin ditu testuak. Aspalditik ezagutzen nuen eta betidanik gustatu zait nola idazten duen. Testu ederrak egin ditu, ederki jaso du irudietan ikusten dena. Eta gero Aritz Enparanek bere ukitua eman dio. Testu horiek euskarara ekarri ditu, baina hemengora. Hondarribiko hizkera erabili du. Niretzako hori oso garrantzitsua izan da hasieratik, hondarribiarrentzat egindako liburu bat baita. Gure hizkera galtzen ari da pixkanaka eta pena handia da. Hondarribiko esentzia jasotzen saiatu gara, kanpotik begiratuz ikusten ez den Hondarribia hori.