EAJ: "Ez dugu inoiz ospatu Hondarribia tenkatutako bizitegi eremuen katalogaziotik kanpo geratu izana"
Honako eskaera egin dio EAJk Abotsanitzi: "iraganari etengabe begiratzeari utz diezaiola eta konponbideak emateko lan egin dezala, hori baita bere agindua eta betebeharra orain".
EAJ taldeak aste honetan Abotsanitzek esandakoari erantzun berri dio. Hondarribia tenkatutako bizitegi eremu izendatzeko eskaera egitea “akatsa” izan dela esan dute taldekoek beste behin, “tresna propio batek ematen dizkigun aukerak lehenetsi gabe”.
“Hondarribian gertatzen den guztia EAJri aurpegiratzeko garaiak historiara pasatu behar duela uste dugu. Hori izan da Abotsanitzek duela 10 urte jaio zenetik erabili duen taktika. Estrategia horrek fruituak ematen ditu eta orain dauden lekura eraman ditu. Baina orain bere lana gobernatzea da, udala kudeatzea eta herritarrak kezkatzen dituzten gaiak konpontzea, hala nola, etxebizitzarena. Eta oraingoz, Abotsanitzek esparru horretan hartu duen erabaki bakarra ukatu egin zaie. EAJ ez da horretaz pozten. EAJk uste du HAPO garatzen jarraitu behar dela”, esan dute jeltzaleek, hedabideei bidalitako ohar batean.
Azken hamarkadetan EAJren etxebizitza politikak “emaitza positiboak” ekarri dituela erantsi dute: “Horren emaitza dira Puntal, Zezen plaza, Amute eta Muliaten eraikitako babes publikoko etxebizitzak eta Presa 1eko hurrengo eraikuntza”.
Horretarako, ezinbestekotzat jo dute HAPOren izapidetze prozesuarekin aurrera egitea,”etxebizitza publikoen sustapenak garatzen jarraitu ahal izateko”. Bide horretan Abotsanitzek ez duela urratsik egin erantsi dute, eta eskatu diote “iraganari etengabe begiratzeari utz diezaiola eta konponbideak emateko lan egin dezala, hori baita bere agindua eta betebeharra orain”.