Udal langileen baldintzak hobetuko dituzte 2024an
Atzoko Osoko Bilkuran, besteak beste, 2024ko plantilla organikoa eta lanpostuen zerrenda onartzeko proposamena onartu zuten, aho batez. Bestalde, Txingudiko Pentsiodunen talde bat han izan zen, Abotsanitz eta EH Bilduk haien izenean aurkeztutako mozioa onartu baitzen.
Ohiko Osoko Bilkura egin zuten atzo arratsaldean udal ordezkariek. Besteak beste, administrazio-unitateak berregituratzeko Giza Baliabideak Antolatzeko Plan Partziala onartu zuten. Horrez gain, 2024rako plantilla organikoa eta lanpostuen zerrenda onartzeko proposamena ere onartu zuten. Biak aho batez onartu zituzten.
Lehen puntua alderdi guztien aldeko botoarekin onartu zen. Plan honi esker, administrari laguntzaileen lan baldintzak hobetuko dituzte. Helburua, Igor Enparan alkatearen arabera, “zerbitzuen prestazioan eraginkortasuna lortzen laguntzea izango da, baita ere erabilgarri dauden baliabide ekonomikoen erabileran efizientzia lortzen laguntzea, langileen dimentsio egokiaren, banaketa onenaren, prestakuntzaren, lanbide sutapenaren eta mugikortasunaren bitartez”.
Bigarren puntuari dagokionez, alkateak zehaztu du berdintasun teknikari baten plaza sortuko dutela. “Aspaldian herri honek beharrezkoa duen zerbait dela argi daukagu eta unea orain iritsi da. Hortaz gain, Administrazio Elektronikoa, Gardentasun eta Herritarren Partaidetza Arduraduna izeneko lanpostu bat sortuko dugu, herritarrei zerbitzu egokiagoak emateko BAZ indartu eta hornitu behar dela uste baitugu”. Beste zenbait lanpostutan ere aldaketak izango direla iragarri zuen atzo Enparanek, “udalaren kudeaketa hobetzearekin lotuta eta langile batzuen jubilazioak direla eta”.
Atzo saioko zerrendan agertu ez baziren ere, alkateak beste bi gai aipatu nahi izan zituen: “2023ko lan eskaintza publikoa landu dugu. Denetara 30 lanpostu eskainiko dira, datozen hiru urteetan prozedurak burutzeko asmoarekin. Honela, datozen hiru urtetan udal langileagoaren benetako egonkortzeari erantzungo dion plangintza jorratu nahi izan dugu”.
Onartutako mozioei erreparatuta, Abotsanitzek eta EH Bilduk Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren izenean 1.080 euroko osagarriaren alde aurkeztutako mozioa onartu zuten. Txingudiko Pentsiodunen talde handi bat atzoko plenoan izan zen, haietako batek irakurri zuen proposamena. EAJ eta PSE-EE kontra agertu ziren.
Ondoren, PSE-EEk gai horrekin lotutako beste mozio bat aurkeztu zuen. Honetan, pentsioak KPIarekin eguneratzen jarraitzeko eskatu zuten, “pentsiodunen erosteko ahalmenaren galera saihesteko, eta gutxieneko pentsioak eta kotizazio gabeko pentsioak igoera orokorraren gainetik igotzeko”. Mozio honek jeltzaleen babesa jaso zuen, eta Abotsnitz eta EH Bildu abstenitu egin ziren.
Azkenik, Abotsanitz, EH Bildu eta PSE-EE taldeek Osasun Bidasoa plataformaren izenean aurkeztutako proposamena landu zuten, “osasun publikoa hobetzeko plan estrategikoa egiteari” buruzkoa. Hiru taldeek alde egin zuten, eta EAJk abstentziora jo zuen.