'Bizitza jokoan', Zuloaga Etxean
Mugarik Gabe GKEaren ekimenez urtarrilaren 8tik 21era izango da jarrita erakusketa herriko liburutegian. Jokoa ere egin dute.
Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundearen (GKE) ekimenez, Bizitza jokoan erakusketa jarriko dute urtarrilaren 8tik 21era Hondarribiko Zuloaga Etxea Udal Liburutegian. Erakusketarekin lotuta jokoa ere zabaldu dute, giza eskubideen eta krisi klimatikoaren inguruan gogoeta egiteko. Egin klik hemen jokora joateko. Hondarribiko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin egikarituko dute mostra.
Erakusketa Bizitza jokoan kanpainaren zati da: agerian utzi nahi du giza eskubideen eta ingurumen eskubideen –edo naturaren eskubideen– defendatzaileek eta kolektiboek aurrez aurre duten jazarpen eta zaurgarritasun egoera. “Paradoxikoa dirudien arren, era guztietako erakundeek eta enpresek krisi klimatikoaren aurrean jardutea beharrezkoa dela onartzen duten une honetan, lurra, lurraldea eta natura defendatzen duten pertsonak jazarriak, kriminalizatuak eta, kasurik txarrenean, erailak izaten jarraitzen dute”, azaldu dute GKEko kideek.
Mugarik Gabe, “ezkerreko antolakunde asanbleario, feminista, ekologista, internazionalista, solidario eta horizontala” da. Garapenerako lankidetzako GKEa 1987an sortu zuten, eta herri-onurakotzat aitortua izan da. “Herri eta pertsona guztiok eskubide berdinak ditugula sinistuta gaude, eta horrek mugitzen gaitu. Indarrean dagoen garapen eredu neoliberal eta patriarkalarekin kritiko gara; eredu horrek gehiengoaren ezberdintzea, eskubide urratzea eta menperatzearen bitartez gutxi batzuk aberastu eta pribilegiatzen dituela salatzen dugu”.
Bizitza jokoan kanpainaren lagungarri, ondoko bideoa egin dute Mugarik Gabeko kideek.