1.400dik gora hondarribiar, San Silbestre lasterketarako prest
Hilaren 31ko lasterketaren nondik norakoak azaldu dituzte gaur. Bildutako ditu guztia Aspanogi elkarteak jasoko du aurten ere.

Datorren hilaren 31n (igandea da) lasterkariz baina era berean elkartasunez beteko da herria. Izan ere, San Silbestre lasterketa egingo dute hurrengo igandean, kutsu solidarioa izango duena noski. Minbizia duten adingabeen familiak laguntzen dituen Aspanogi elkarteak jasoko du bildutako diru guztia. Hilaren 31ra bitarte apunta daitezke herritarrak, lotura honetan.
Gaur aurkeztu dute lasterketa, udalean egindako agerraldi batekin. Bertan izan dira Igor Enparan alkatea, Lupe Queiruga zinegotzia, Sport Mundi elkarteko Juan Garcia eta Aspanogi elkarteko gizarte langile Nekane Lekuona.
Garciak lasterketaren nondik norakoak azaldu ditu. Aurtengoak ere 6 kilometro izango dituela azaldu du, eta portuan izango dituela hasiera eta bukaera. Dagoeneko 1.400dik gora lagunek izena eman dutela jakinarazi du, eta elkartearen asmoa 1.600eko langa gainditzea dela. “Ibilbide hau hasi genuenean ez genuen pentsatzen horrenbestera iritsiko ginenik”, aitortu du Garciak. Apuntatutako guztietatik %38 emakumeak dira.
Lekuonak eskerrak eman dizkie modu batean ala bestean euren aletxoa jartzen dutenei: “Gipuzkoa oso solidarioa da. Aurrekoan Talaian hitzaldi bat eman genen DBHko ikasleei, oso berezia. Emozioez hitz egiteko parada bat izan zen, minbiziaz hitz egiteko. Minbizia hitz debekatua baita askorentzat. Gazteen elkartasuna ere handia da, lasterketan boluntario edota lasterkari bezala ariko dira, asko. Bidasoan familiak baditugu minbizia kasu bat pairatzen ari direnak eta azkenean laguntza ikaragarria izango da. Ez bakarrik ekonomikoa, bisibilizatzeko eta komunitatean lanketa ere egiteko baizik”.
Alkateak, azkenik, adierazi du udalak “argi” duela gizarte ekintzak sustatzen jarraituko duela: “zuek zarete horren adibide nabarmen bat. Erakunde publikoak askotan iristen ez garen toki horietara iristeko aukera izaten duzue zuek eta komunitateari eskaintzen diozue aukera hori. Esker onekoak gara bi elkarteek saretze horretan egiten duten langagatik. Aurtengo urte bukaerako kirol ekitaldi hau elkartasunerako ekitaldia izan dadila, komunitatea osatzeko ere balio dezala, eta herrian elakrtu gaitezen eta animatu daitezela herritarrak, modu batean ala bestean, hau da, parte hartzen edo laguntzen. Udala bidelagun izango duzue”.