Udal langileen baldintzak hobetzeko neurriak eztabaidatuko dituzte gaurko bilkuran
Zortzi puntuko Ohiko Osoko Bilkura egingo dute gaur arratsaldean. Datorren urteko plantilla indartzeko asmoa du udal gobernuak.

Zortzi puntuko Ohiko Osoko Bilkura egingo dute gaur Hondarribiko Udalean. Igor Enparan alkateak aurreratu duenez, udal langileekin lotutako gaiek izango dute pisu gehien gaurko saioan. Besteak beste, administrari laguntzaileen lan baldintzak “hobetzeko” Administrazio unitateak berregituratzeko Giza Baliabideak Antolatzeko Plan Partzialaren proposamena onartzera eramango dute hirugarren puntuan. Horrez gain, 2024rako plantilla organikoa eta lan postuen zerrenda onartzeko proposamena ere eztabaidatuko dute.
“Udal Gobernu hau lanean hasi zenetik, etengabe aritu gara langilegoaren lan baldintzak hobetzeko lanekin. Udaleko giza baliabideen plangintzaren helburua zerbitzuen prestazioan eraginkortasuna lortzen laguntzea izango da, bai eta erabilgarri dauden baliabide ekonomikoen erabileran efizientzia lortzen laguntzea ere, langileen dimentsio egokiaren, banaketa onaren, prestakuntzaren, lanbide sustapenaren eta mugikortasunaren bitartez”, esan du Enparanek.
Plan Partzial honi esker, “enplegu publikoko politika bat diseinatzeko” aukera izango dutela erantsi du, “udal plantilla birdimentsionatzeko eta langileak kudeatzeko estrategia bat zehazteko oinarriak ezartzeko eta baliabideak optimizatzek eta arrazionalizatzeko”.
Berdintasun teknikaria
2024ko udal langileen plantillan “aspaldian herri honek beharrezkoa duen” berdintasun teknikari baten plaza sortuko dutela ere adierazi du alkateak: “unea orain iritsi da”. Aste gutxi barru teknikaria kontratatzeko prozesua abiatuko dute. Horrez gain, Administrazio Elektronikoa, Gardentasun eta Herritarren Partaidetza Arduraduna izeneko lanpostu bat ere sortuko dute, “herritarrei zerbitzu egokiagoak emateko BAZ indartu eta hornitu behar dugula uste baitugu”.
Udalbatzan jorratuko ez diren baina azken asteetan landutako beste bi gai ere aipatu ditu Enparanek. Honen arabera, 2023ko lan eskaintza publikoa landu da, orotara, 30 lanpostu eskainiz, “datozen hiru urteetan prozedurak burutzeko asmoarekin”.
Azkenik, udal langileen bizitzaren kontziliazioa uztartzeko neurri bat hartuko dutela jakinarazi du alkateak. Hala, 12 urtetik beherako haurrak dituzten langileentzat edota menpekotasun egoeran dagoen pertsona baten zaintza duten langileentzat malgutasun neurriak hartuko dira, lanpostura 9:30ak arte sartzeko aukera eskainiz.