Tenkatutako gune izendatzeko eskaerarekin "kea saltzea" leporatu dio Abotsanitzek EAJri
Joan den astean EAJk adierazitakoari erantzun berri dio Abotsanitzek. Taldeak adierazi du "oposiziotik ere iraganean boterean zeuden bezala" ari direla jokatzen jeltzaleak.
Azken egunetan EAJ taldeak adierazitakoari erantzun berri dio Abotsanitzek. Aurreko ostiralean jeltzaleek salatu zuten Hondarribiak ez dituela betetzen tenkatutako bizitegi eremu izendatzeko baldintzak. Eskaera egitea “akats larria” dela esan zuen EAJk.
Jeltzaleen adierazpen hauei erantzunez, Abotsanitzek esan du “oposiziotik ere iraganean boterean zeuden bezala” ari direla jokatzen: “kea saltzen”. “Ez dugu ulertzen zergatik EAJk ospatu duen Hondarribia tentsiopeko eremu izendatu ezin izana, Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren azterketa batean oinarrituta dagoena. Gaia oso serioa da, milaka hondarribiar pairatzen ari dira hamarkada luzeetan interes pribatu eta etxebizitzaren espekulazioa lehentasun gisa ezartzearen ondorioak”, esan dute lehenik. Hondarribian bizi ziren askok ondoko herrietara emigratu behar izaten dutela erantsi dute, “erosketa ahalmenik ez zutelako eta erosahalmen handiarekin kanpotik etorritako pertsona eta enpresak etorri direlarik bertako herritarrak ordezkatzera”. Hori izan da, Abotsanitzeko kideen hitzetan, “EAJren apustua udalean egon den agintaldietan”.
Udaleko buru den taldeak maiatzaren 24ko 12/2023 Etxebizitza Legera jo du: “bertan jasotzen denez, bizitegi merkatuko gune tenkatuak izendatu ahal izango dira, etxebizitza arloko jarduketa publikoak jorratzeko, herritarrentzat etxebizitza eskaintza nahikorik ez dagoen lurralde eremuetan, honela, merkatuan sartzeko aukera eskainiz”.
Egoera honetan, honakoa galdetu diote EAJri: “zergatik ez zaio gustatzen EAJri tentsiopeko eremuaren izendapena? Bada, merkatuaren prezioa arautzea, EAJk babesten dituen interes pribatu eta espekulatiboen aurka joatea delako, luxuzko etxebizitza pribatuen alde eta publikoa zokoratuz, azken hamarkadetan erakutsi duen bezala. Sentikortasunik gabeko politika horiek sortu dute Hondarribian etxebizitza bat eskuratzeko ezintasuna”.
Horri lotuta, EAJ bera, Donostia bezalako udalerri batzuetan tenkaturiko eremu izendatzeko eskaera egiten ari dela salatu dute, “etxebizitza merkatua arautzeko tresna erabilgarria delako”. Hondarribiko EAJri, “jakina”, ez zaiola interesatzen dio Abotsanitzek.
Hondarribiarrek eta hondarribiarrentzat pentsatutako hiri eredu bat nahi du Abotsanitzek, “herritarrak eurak izanik proiektu honen protagonistak”. Azkenik, “etxebizitza gure ardatz nagusienetako bat denez”, Hondarribia tentsiopeko eremu izendatzeko izapidetzea agintaldi planean jasoko dutela iragarri du gobernu buruak. “Jeltzaleek jakingo dute zein bandotan kokatuko diren gai honen inguruan. Guk, behintzat, argi daukagu non egon behar dugun”, esan dute azkenik.