Pedro Barrusoren ikerlana aurkeztuko dute hilaren 26an
Historialariak turismoak XX. mendean Hondarribiaren hiri garapenean izan duen eragina ikertu eta liburua argitaratu berri du.
Pedro Barruso historialariak (Donostia, 1963) “Turismo Hiria: turismoan oinarritutako hiri eredu baten sorrera eta garapena, Hondarribia (1793-1968)” ikerlana argitaratu du berriki, liburu formatuan. Ikerlanak Hondarribian turismoak izan duen garapen zehatza jasotzen du, XIX. mendearen bukaeratik XX. mendearen azken herenera. Barrusok defendatzen duen tesia turismoak hiriaren garapena erabat baldintzatu duela da, turismoan murgildutako hiri eredua sortzeraino.
Prozesuaren abiapuntua Hondarribiko ekonomia biziberritzeko beharrean kokatzen du Barrusok, XVIII. mendearen bigarren erdialdean. Mende amaiera eta berri arteko gerra ziklo luzeak, ordea, herriaren ordura arteko “fisonomia” (kanpora begirako itxura) zapuztu eta eraberritze bat eragin zuen.
Pedro Barruso Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakaslea da. XX. mendeko lekuko historiaz gain, II. Errepublika, Gerra Zibila eta Frankismoa ikertu ditu Barrusok, sozialismoaren historiarekin batera. Honetaz gain, El fuerte de Guadalupe. Memoria e Historia (2015), Lo que el río también vio (2019) eta Mapa de la memoria de Hondarribia (2020) liburuak argitaratu ditu, eta Hondarribiaren historia hurbilari buruzko “Bost Zubi” blogaren koordinatzailea da.
Liburuaren aurkezpena
Datorren asteartean, hilaren 26an, arratsaldeko 19:00etan argitaratu berri den liburuaren aurkezpena egingo dute udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan.