Hondarribiarrak, San Tomas Egunerako prest
Biharko egun osoko egitaraua antolatu du udalak. Urteroko azokaz gainera, herri kirolak eta emanaldiak izango dira San Pedro kale inguruan.
Hondarribiarrek ere San Tomas Eguna ospatuko dute bihar (hilak 21). Egun osoko egitaraua prestatu du udalak biharko, urtero bezala, txistor usaina nagusi izango da San Pedro kale inguruan. Sabelak txistor eta sagardoz betetzeaz gainera, herri kirolekin edota dantzarekin ere gozatzeko aukera izango da.
9:00etan hasiko dute eguna, orduan zabalduko baitituzte barazki eta produktu azoka eta abere erakusketa. 13:00etan herri kirol erakustaldia izango da Santiago kalean. Beñat Telleria eta Izeta V harri jasotzaileak eta Aratz Mugerza eta Iñaki Azurmendi aizkolariak izango dira. Arratsaldean berriz, 16:00etan hain zuzen, haurrentzako jokoak hasiko dira San Pedro kalean. 18:00etan Meakako Adixkideak Dantza Taldeak emanaldia eskainiko du eta haien ondoren, Jun da jo taldearen emanaldia izango da Arrantzale auzoan.