Abotsanitzek eta EH Bilduk gobernu akordioa sinatu dute
Legealdi hau "aldaketarena" izango dela adierazi dute bi taldeek. Bost oinarri eta hamaika konpromisoko dokumentua sinatu dute gaur Estitxu Urtizbereak eta Garoa Lekuonak.
Abotsanitz eta EH Bildu taldeak bidelagun izango dira datozen lau urteetan. Izan ere, udal gobernu akordioa sinatu dute gaur bi alderdiek, 2027ra arte iraungo duena. “Diferentzien gainetik aniztasuna balioan” jartzeko premiaz aritu dira gaurko aurkezpenean Abotsanitzeko Estitxu Urtizberea eta EH Bilduko Garoa Lekuona. “Elkarrizketa eta eztabaida eraikitzailean oinarritutako akordioa” aurkeztu dute, bien ustez, “akordio zabalak” adosteko garaia heldu baita. “Herritarrek lan egiteko ereduan aldaketa eskatu dute eta legealdi hau aldaketaren legealdia izatea nahi dugu”.
Urtizberea izan da lehena hitza hartzen. “Hauteskundeak irabazi genituenean eta lehendik ere argi nuen kolore bakarreko gobernuak ez direla anitzak direnak bezain aberatsak eta hasieratik argi eduki dugu gobernu zabal eta kolore ezberdinetakoa nahi genuela. Bide horri ekin genion. Aurreko astean bi alderdien herri batzarrek proposamena babestu zuten eta gaur egiten dugu publiko”, esan du lehenik.
Lekuonak ere aipatu du koalizioak “argi” izan duela “gertatutako aldaketa historiko horri segida” eman nahi diotela, “irautea nahi genuela, ez genuela nahi ziaboga bat izan nahi eta berriz ere, lau urteren ondoren, lehengora itzultzea. Aldaketa gauzatu da gure herrian eta horren baitan kokatu behar da eta erabaki behar da norantz egin nahi dugun”, esan du Lekuonak.
Bi taldeek sinatutako akordioak bost printzipio ditu, honakoak: Udal administrazio sendo eta modernoa sustatzea; herritarren partaidetzan oinarritutako gizartea bultzatzea; justizia soziala eta herritar guztien bizi baldintzak hobetzea helburu duen herri euskaldunaren oinarri izatea; akordioa martxa onean doala ikusteko mekanismo batzuk abiatzea; eta azkenik, erabaki dute udalaz gaindikoak diren eskualdeko beste erakundeek (Txinzer edo Bidasoa Bizirik, besteak beste) modu independentean jokatuko dutela aurrerantzean.
Konpromisoak
Horiek egikaritzeko, 11 konpromiso hartu dituzte bi taldeek: Agintaldi Plana elkarrekin lantzea; HAPOren eguneratzea; euskarari susperraldia ematea; Berdintasun Saila eratu eta berdintasun teknikaria kontratatzea; etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko lan lerroak aktibatzea; mugikortasun arazoei irtenbidea ematea; zaintzen duen hiria bultatzea, “herritarrengandik gertu” egongo dena; ezberdinen arteko komunitatea osatu eta gobernatzea; alardearen gatazkari irtenbidea emateko baliabideak jarriko dituzte “herritarren artean konponbidearen bidean hasi eta elkarrizketa bultzatzeko”; Hondarribia herri hezitzailea izatea; eta azkenik, energia berriztagarri eta kontsumo arduratsuaren alde egitea.
Gobernu talde berria sei lagunez osatuta egongo da aurrerantzean (orain arte bost izan dira). Hala, Garoa Lekuona bigarren alkateorde izango da eta Euskara, Ingurumena eta Energia sailak kudeatuko ditu.