Espainiako Gobernuak lortutako arrantza-akordioa txalotu du PSE-EEk
EBrekin lortutako akordio honen arabera, handitu egin dira hegaluzea eta legatza harrapatzeko kopuruak. Herriko arrantzaleentzat "oso albiste" ona dela diote sozialistek.
Espainiako Gobernuko Nekazaritza eta Arrantza ministro Luis Planasek Europar Batasunarekin lortutako akordioa txalotu berri du Hondarribiko PSE-EE taldeak. Pozik agertu dira sozialistak, akordio honen bidez, Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako arrantzaleek, haiek arrantzatzen duten eremuetan handitu egin baitira hegaluzea eta legatza harrapatzeko kopuruak. Halere, akordio honek berdin mantenduko du antxoaren kuota. Berdelarena, aldiz, txikitu egin da.
Sozialistak pozik agertu dira, haien arabera, “XXI. mendeko kuotarik onena lortu baita hegoaldeko legatzarentzat, eta igoera zapoa eta oilarra arrantzatzeko. Horrez gain, Hondarribiko flotari eragiten dioten arraiak ere sendotu dira”, esan dute. Herriko arrantzaleentzat “oso albiste” ona dela gaineratu dute ondorengo lerroetan: “Arrantza funtsezko jarduera da gure udalerrian, bai ekonomiaren, gizartearen eta turismoaren ikuspegitik. Horregatik, txalotu egiten dugu, negoziazio gogor batzuen ondoren, Luis Planas ministroak gure arrantzaleentzat hain akordio positiboa lortu izana. Badakigu ez dela erraza izan, baina gogoratu nahi dugu sozialistentzat arrantza sektorea beti izan da lehentasuna, eta horrelako akordioek hala erakusten dute. Arrantza jarduerak tradizio luzea du gure udalerrian, eta Alderdi Sozialistak beti egingo du lan, orain arte egin duen bezala, Hondarribiarentzat hain garrantzitsua den sektore ekonomiko horren alde”, esan dute taldekoek hedabideei bidalitako ohar batean.