[Erreportajea] Haurren ahotsek Pink Floyd taldea berpiztuko dute gaur
Talde famatuari omenaldi berezia egingo diote gaur Eskifaia Txiki abesbatzako eta Irungo Musika Eskolako Orkestrako kideek. Besteak beste, ‘The dark side of the mooon’ diskoa interpretatuko dute osorik.
Pink Floyd talde mitikoaren zaleek hitzordu garrantzitsua dute gaur Hondarribiko Itsas Etxea auditoriumean. XX. mendeko rock sinfonikoan eragin handienetakoa izan zuen taldeari omenaldi berezia egingo diote eskualdeko gazte eta helduek. The dark side of the moon diskoa kaleratu zenetik 50 urte bete berri direla ospatuko dute, haien abesti nagusi eta arrakastatsuenak interpretatuz, fin-fin.
Ez da edonolako kontzertua izango. Eskifaia Txiki abesbatzako gazteak eta Irungo Musika Eskolako Orkestrako kideak igoko dira lehenik oholtzara, Another brick in the wall abestuko dute. Ondoren, Pink Fluid taldeak 50 milioi kopia saldu zituen diskoa joko du osorik. «Gaurkoa definitzeko hitza ez da tributoa, omenaldia baizik. Diskoa atera zenean binilo batean entzuten genuen. Diskoa atera, garbitu, ongi jarri… Erritual hori berreskuratu nahi dugu, baina oholtza baten gainean. Diskoa osorik, geldialdirik gabe, entzuteko aukera izango da, inoiz entzun ez den bezala», kontatu dio HITZAri Irungo Kontserbatorioko irakasle Julio Bravok.
Bravo ere oholtzan izango da gaur, ahots nagusiaz gain, gitarra elektrikoa ere joko baitu. «Gogoan dut diskoa argitaratu zenean, zer nolako inpaktua izan zuen niregan eta nire inguruan. Belaunaldi askoren banda izan da Pink Floyd, eta omenalditxoa egingo diogu gaur, ederra». Gaineratu duenez, euskarazko abestien errepertorio batekin biribilduko dute emanaldia.
Kutsu hezitzailea ere izango du gaurko saioak. Bravoren arabera, «beste musika mota bat ere existitzen dela erakusteko» ere baliatu nahi baitute. «Orain dela 50 urte egindako disko batek oraindik asko esaten duela erakutsi nahi diegu gazteei. Ikus dezatela sakelako telefonoan dutenetik harago doala musika». Aitortu du entseguekin hasi zirenetik gogoz jaso dutela gaztetxoek proposamena. «Ohituta daude musika klasikoa abestera, eta rockera eramatea asko gustatu zaie. Harrituta geratu dira, oso pozik», azaldu du.
Sarrera oso gutxi geratzen direla jakinarazi du Bravok, 20 bat jarriko dituzte salgai leihatilan gaur, gainerako guztiak azkar batean saldu baitira. 2 euroan eskura daitezke