[Elkarrizketa] Judas Arrieta: “Nire lan guztietan ez dago inolako mugarik”
Oarso Bidasoko Hitzaren 2024ko paretako egutegiaren irudia sortu du hondarribiarrak. Mugek eta politika arrazistek eragindako sufrimendua islatu du, collage indartsu batekin.
Nola jaso duzu egutegia egiteko OARSO BIDASOKO HITZAren gonbidapena?
Oso pozik jaso dut. Urte asko daramatzat HITZArekin kolaboratzen. Hedabidearen sorreratik komikiak eta ilustrazioak egin ditut, oso gustura ibili naiz lan hauekin. Proposamen berriei irekita egon naiz beti, egunerokoan jorratzen ez ditudan gauzak egiten ditudalako. Eta HITZAk hori eskaini dit.
Hortaz, erronka izan da?
Bai, ez da lan erraza izan. Normalean bestelako lanak egiten ditut. Beti gauza politak eta koloretsuak egiten saiatzen naiz, jendea alaitzeko helburuarekin. Planteatu didaten gaia ez da koloretsua, iluna da, eta erronka izan da hori islatzea. Nire lanean ez dut gai hauetaz hitz egiten. Baina argi daukat zein den nire jarrera gizartearekiko edota inguruan gertatzen diren gauzekiko, nahiz eta gai horiek zuzenean ez landu. Nire alde pertsonal hori atera dut lan honetan.
Zer islatu behar izan duzu, zer da hedabideak eskatu dizuna?
Gurean pil-pilean dagoen gai bat islatzea eskatu didate, migrazioarena. Albisteetan ikusten ditugu migranteek pairatu beharreko egoerak, baina ez gara urrutira joan behar errealitate hori ikusteko. Lagun ugarik galdu dute bizia hemen, Bidasoa ibaian. Ez dira bakarrik Afrikatik Espainiako kostaldera iristen direnean geratzen gauza horiek, hemen ere gertatu dira, etxetik gertu. Arazo hauek etxetik urrun ikusten ditugu, baina egoera horiek beti eman dira. Fermin Muguruzaren Bidasoa 2018-2023 dokumentala ere pil-pilean zegoen eskaera egin zidatenean, eta nik horri buruzko nire interpretazioa egin nahi izan dut. Askotan hemen gertatzen diren gauzak ezkutatzen dira beste lekuetan gertatzen diren gauzekin. Garrantzia kentzen zaio hemen gertatutakoari. Mediterraneoan 1.000 lagun hiltzen badira, hemen bat hiltzea ez da arazo bat gizartearentzat. Migranteen egoera oso larria da, mugek ondorio larriak ekartzen baitituzte haientzako. Nik horri buruz ere hitz egiten dut nire lanean. Nire lan guztietan ez baitago mugarik, ez ditut mugarik planteatzen.
Zein elementu aukeratu dituzu mezu hori eraikitzeko?
Lan honetan ere inguruan aurkitu dudana sanpleatu dut. Margotzen hasi aurretik ikerketa bat egin nuen, eta bildutako horrekin guztiarekin proposamen estetiko bat egin dut. Esaterako, agertzen den Muga hiltzailea esaldia Santiago zubiko pintada batetik atera dut, eta Euskal Herria harrera herria mezua ere manifestazio bateko irudi batetik hartu dut. Santiago zubiko balustra ere irudikatu dut bertan, niretzako konnotazio asko baititu zubi horrek. Frankismo garaitik hona mila gauza gertatu dira bertan. Gogoan dut Espainiako estatu kolpe saiakera izan zenean jende askok Santiago zubira jo zuela korrika, alde egiteko asmoarekin. Oso leku sinbolikoa da.
Oraindik ezagutzen ez zaituztenentzat. Nor eta nolakoa da Judas Arrieta?
Artista eta margolaria izatea erabaki nuen gaztetan. Betidanik marraztu dut eta inguruan beti bizi izan dut arte bizitza bat. DJ moduko bat naiz, sanpleak egiten ditut, baina irudiekin. Ikusi edo irakurtzen ditudan gauzak hartu eta nire interpretazioa egiten dut, nire sofritoa, nire pintxada. Etxean artetik asko edan dugu. Nire aitak koadroak erosten zituen, inguruko artistenak, hortaz, betidanik ezagutu dut Bidasoko artisten lana. Bilbora joan nintzen zinema ikastera, baina arte garaikidearekin egin nuen topo eta buru-belarri hasi nintzen horretan, gaurdaino. Ordutik borrokan nabil, hau etengabeko borroka bat baita. Zorionez nahi nuen hori egiteko erabakia hartu nuen, eta ongi joan da dena. Hor nabil, jo eta ke.
Nola definituko zenuke zure lana?
Denetik egiten dut. Hori bai, egiten ari naizen horrekin ez aspertzea funtsezkoa da. Ez dut nire burua aspertu nahi lan egiterakoan, eta ez ditut herritarrak ere aspertu nahi. Betidanik istorioak kontatu nahi izan ditut, baina inoiz ez naiz gai izan istorio biribil bat egiteko. Beti diot nire koadroak komiki abstraktuak direla. Nire koadroak ikusten dituzunean bidaiatxo bat egin dezakegu, hori da asmoa. Beti diot, errusiar mendi bat bezalakoak direla nire lanak. Nire koadroak leiho bezala ikusten ditut, irekiak, jendeak nahi bezala interpreta ditzan. Errotuladorearekin margotzen handitu naiz eta horretan jarraitu dut. Tradiziotik kanpo dago hori. Nire lanean aurkitzen diren elementuak belaunaldi artekoak dira. Hau da, nire adineko jendeak, handitu dena bideo jokoekin, komikiekin edo marrazki bizidunekin, zerbait ezaguna aurkituko du nire lanean.
«DJ moduko bat naiz, ‘sanpleak’ egiten ditut, baina irudiekin»
Marrazki bizidunak, komikiak eta pop garaiko irudietako erreferentziez beteriko collage-ak egiten dituzu. Nondik datorkizu pasio edo hobby hori?
Txikitatik datorkit pasio hori. 1970eko hamarkada bukaerako marrazki horiekin txundituta ginen. Bidasoan bizi garenak Frantziako telebista ikusteko aukera genuen, eta garai horretan Japoniako marrazki bizidunak eskaintzen zituzten. Marrazki horiekin flipatzen genuen, ez zutelako zerikusirik hemengo produktuekin. Handik urte gutxira EITBn ere Dragoi bola eta horrelakoak eskaintzen hasi ziren, eta sekulako harrera izan zuten Euskal Herrian. Orduan horiek guztiak kontsumitzen hasi nintzen, baita komikiak erosten ere. Gogoan dut unibertsitateko hirugarren mailan ehundik gora koadro egin nituela Dragoi bola-ko pertsonaiak marrazten. Ez diot hori egiteari utzi, pasio izan da ordutik.
Erakutsi duzu lana eta pasioa ez direla etsaiak, bateragarriak direla.
Hori da helburua. Ni mundu honen oso zaletua naiz. Gauza asko maite ditut, oso intentsua naiz, eta gauza horiek asko maite ditut. Askotan entzuten da nahi duzun hori egiten duzunean, eta horretaz bizi zarenean, zortea duzula. Baina ez da zortea. Gizakia profesionala da sufritzen. Ez dut esaten nire lana besteena baino gogorragoa denik. Gehien gustatzen zaidana estudioan lan egitea da, baina estudioan egoten ez dira artelanak saltzen, mugitu behar zara. Nire kasuan nik egiten dut dena, hasieratik bukaeraraino. Ez dut galeria askorekin lan egiten. Biziraupen bat da ogibide hau. Baina nik aukeratu dut bide hau, nik erabaki dut hemen egotea. Ez naiz inoiz erabaki horretaz damutu, harro nago hartutako erabakiez. Txinan, Japonian edo Korean bizitzen izan naiz, eta hori lortu dut nire lanarekin, horri esker naiz gaur egun Judas Arrieta. Nire artearekin mila gauza egin ditut, eta horrekin oso pozik nago.
«Gauza asko maite ditut, eta gauza horiek asko maite ditut»
Baina sortzailea izatea ez da erraza. Eta nire kasuan, zaila izan da Euskal Herrian harrera ona izatea nireak bezalako lanek. Gogorragoa da, merkatua ezberdina da, zailagoa da hemen. Nik ia dena hemendik kanpo saltzen dut. Noski, badaude fan batzuk eta tarteka saltzen ditut obrak hemen, baina gehienbat kanpoan. Horrek ez dit amorrua eragiten edo kezkatzen. Beti nabil lekuak eta bezeroak bilatzen, mugitzen, halabeharrez, sortzaile guztiak bezala. Eta horretarako funtsezkoa da egiten ari garen horrekin maitemintzea. Maitemintzen gara mila gauzarekin. Egunero zaude ikasten, egunero koadroaren aurrean jartzen zarenean esaten duzu: «Ea zertan katramilatzen naizen!». Hori da erronka. Ez dut jendea aspertu nahi nire lanarekin, eta ez dut nahi neure burua aspertu lan egiten.
Hondarribia, Irun eta inguruko leku eta txoko askotan zure artelanekin egin daiteke topo. Zer suposatzen du horrek zuretzako?
Betidanik pertsona aktiboa izan naiz. Irun eta Hondarribian gauza asko egin ditut, eta beti izan naiz zabalik muralak eta horrelakoak egitera. Horrelakoa naiz, eta horrela jarraituko dut izaten. Auzolanean mural asko egin ditut eta sekulako esperientziak izan dira. Beti esaten dut arteak balio erantsi bat ematen diola gizarteari, eta horrelako lanak aberasgarriak dira denontzat. Klik bat sor daiteke horrelako egitasmoei esker haur eta nerabeengan. Kalean artea ikustea ederra da. Gazte nintzenean ez zen helburu hezitzaile batekin egiten, margolariak kalean margotzen ikusten genituen, normala zen. Baina gaur egun ez dira ikusten, tamalez. Pentsa, Hondarribian, adibidez, lehen mailako artista asko izan dira eta udalak bilduma handia du, baina ez dago museorik herrian. Herriko ondarea ikaragarria da, bai Hondarribian eta baita Irunen ere. Horregatik uste dut hemengo arteari merezi duen tokia egin behar zaiola.
Zure artelanak erosi nahi dituztenek, non dute aukera?
Bihar eta etzi Hondarribiko Eguberrietako merkatuan postu bat izango dut, Santa Maria Madalena plazan, egun osoz (11:00etatik 20:00etara). Marrazkiak, skate taulak, koadroak, kamisetak, jostailuak… Denetik izango dut bertan salgai. Bestela, Art Toy Gama online denda kontsulta dezake jendeak, webgune honetan.