EAJ: "Hondarribia ezin izango da tenkatutako bizitegi eremu izendatu"
Jeltzaleek salatu dute Hondarribiak ez dituela tenkatutako bizitegi eremu izendatzeko baldintzak betetzen. EAJren aurreko udal gobernuak utzitako HAPOren izapidetze erritmoa "berreskuratu behar dela" uste dute.
Joan den iraileko osoko bilkuran Abotsanitzek, EH Bilduk eta PSE-EE taldeek Hondarribia tenkatutako bizitegi eremu izendatzeko eskaera erregistratu zuten. EAJ taldearentzat eskera hori egitea “akats larria” izan da, hedabideei bidalitako ohar batean azaldu dutenez, “Estatuko Etxebizitza Legearen arabera, Hondarribiak ez baititu betetzen tenkatutako bizitegi eremua izendatzeko baldintzak”, eta legezko tresna horrek “ez duela ahalbidetuko etxebizitzen alokairuaren prezioa kontrolatzea. Eskaera egiteak ez du suposatuko gazteek etxebizitza errazago eskura dezaketenik edo Hondarribian alokairuaren prezioa kontrolatu daitekeenik”, esan dute.
Jeltzaleek gogorarazi dute Estatuko Etxebizitza Legea PSOEren eta EH Bilduren babesa izan zuela Espainiako Diputatuen Kongresuan, eta “Abotsanitzek erreferentziatzat hartzen duela gure udalerriko etxebizitza politika kudeatzeko, HAPOren onarpenak zabaltzen dituen aukerak alde batera utzita”. Horregatik, EAJren aurreko udal gobernuak utzitako HAPOren izapidetze erritmoa “berreskuratu behar dela” uste dute jeltzaleek. “Ez dugu ulertzen bai Bilduk bai Abotsanitzek arazoen konponbidean Madrilen bilatu nahi izatea, etxebizitza publikoen sustapena kudeatzeko tresnarik onena, une honetan, Hondarribiko Udalaren eskumena denean”.
Etxebizitzaren arloan aurrera egiteko modua etxebizitza publikoak, tasatuak eta alokairu erregimenekoak eta etxebizitza pribatuak eraikitzea dela argi du EAJk, “egungo eskariari erantzuteko”. Horretarako, HAPO “tresna baliagarri bakarra” dela gaineratu dute taldekoek. “Hain argi dugu, eta genuen, HAPOren tramitazioan ahal izan genuen guztia aurreratu genuela maiatzera arte. Etxebizitza turistikoetarako lizentzia berriak aldi baterako etetearen alde bozkatu zuen alderdi bakarra izan ginen, jakinda fenomeno horrek etxebizitzaren merkatua desitxuratzen duela. Oposizioko alderdi guztiek proposamen horren aurka bozkatu zuten”, erantsi dute.
Egungo gobernuak, “nahiz eta publikoki ez onartu” planaren ikuspegia eta izpiritua “aldatu nahi” duela salatu dute. Gardentasuna eskatu diote udal gobernuari, “herritarren aurrean onar dezatela lan horrek atzerapen handia eragingo duela etxebizitza publikoen sustapenak martxan jartzeko orduan”. Egunkarirako titularrak izateko balio duten akordioek ez dute balio oraingo egoerari irtenbidea emateko. Egunkariko titularrak izateko balio duten akordioek ez dute balio oraingo egoerari irtenbidea emateko”.
Azkenik, HAPOren izapidetze erritmoa “bizkortzea” eskatu dute eta etxebizitza publikoak eraiki ahal izateari “lehentasuna” eman diezaiotela ere eskatu dute, “beste eztabaida batzuen aurretik, eta helburua ez dadila izan herritarrak propaganda kanpainekin nahastea, udal kudeaketatik konponbidea moteltzen den bitartean”.