Jardunaldiz betetako asteburua Txingudi errugbirentzat
16 urtez azpikoak eta senior taldeak etxean izango dute partida, eta 14 eta 18 urtez azpikoak Logroñora joango dira. Errugbi eskola ere egingo da.
Gazteenen asteburua izango da Txingudi errugbi taldearentzat datorrena. Larunbat honetan, 16 urtez azpikoak eta senior taldeak etxean izango dute partida, eta 14 eta 18 urtez azpikoak Logroñora joango dira. Asteburua biribiltzeko, errugbi eskolara joango dira Arrasatera igandean.
Gabiria Txingudi-Baztan Euskadiko txapelketa jokatzeko multzoan sartzea izango du jokoan Hernaniren aurkako larunbateko partidan. Lehen fasea izango da eta bukatzerakoan bi multzotan bereiziko dira: Euskadiko Txapeldun izan eta Espainiako txapelketara sailkatzeagatik lehiatuko den A multzoa, eta sailkapeneko postua zehazteko balioko duen B multzoa. Partida, 11:00etan hasiko da.
Ondoren, eguerdian, 14:00etatik aurrera, Zaisa Txingudiren txanda izango da eta Zornotzako Urgozo jasoko ditu etxean. Bizkaitarrak pasa den urtean Euskal lehenengo mailan aritzen ziren eta bueltatzeko bidean daude, aurten jokatutako partida guztiak irabazi dutelarik.
Hala ere, Txingudikoak ziur dira larunbateko partida bisitarientzako ere ez dela erraza izango, Camareroren mutilek azken partidetan erakutsitako sasoia mantentzeko lanean aritu direlako. “Goiko postuetara gerturatzeko aukera paregabea da larunbat honetakoa eta taldeak ez du alferrik galdu nahi” adierazi du entrenatzaileak.
Plaiaundiko egitaraua itxiko duen partida Biok Txingudirena da. Emakumezkoen taldeak ligako azken sailkatuaren bisita jasoko du, Iruñea RC. Biok hiru jardunaldi gogor ditu bizkarrean eta irabaztea beharrezkoa dute txapelketa jokatzeko play-offean sartzeko aukerak izateko. Partida, 16:00etan izango da.
18 eta 14 urtez azpikoak Logroñora joango dira larunbatean eta Pradoviejoko zelaian jokatuko dute. Gazteenak, Gipuzkoako ligaren lehenengo jardunaldia izango dute jokoan, 11:30etatik aurrera, denboraldiaurreko lan txukuna babes dutelarik.
Txingudi-Bera Bera 18 urtez azpikoak, aldiz, Euskadiko ligako bigarren fasea hasiko du bertan 13:00etan. Aipatzekoa da Rioja RC taldea historikoki Gipuzkoako Federazioren kide izan dela eta horregatik aritzen da Gipuzkoa zein Euskadiko txapelketetan.
Igandean, errugbi eskola Arrasaten
Arrasatera joango dira asteburua borobiltzeko errugbiko txikienak, 12 eta 10 urtez azpikoak, alegia. Gipuzkoako topaketen jardunaldia egingo da bertan eta jokalariek Arrasate-Soraluze eta Gaztediren bi talde izango dituzte aurrean.