Gipuzkoako Jauzi Txapelketa egingo da asteburu honetan
Jaizubia Zaldiketa Eskolan elkartuko dira 100 zaldizkotik gora Gipuzkoako Jauzi Lehiaketan eta Gabonetako Saski Txapelketan.
Jardunaldi asteburua da datorrena Jaizubia Zaldiketa Eskolarentzat (JZE). 2023ko Gipuzkoako Jauzi Lehiaketa CSA eta Gabonetako Saski Txapelketa egingo dira eta antolatzeko Gipuzkoako Hipika Federazioarekin batera aritu dira. Lehiak, abenduaren 16 eta 17an izango dira.
Irungo hipikan ehundik gora zaldizko elkartuko dira eta gipuzkoarren parte hartzeaz gain, Bizkai, Nafarroa, Errioxa eta Ipar Euskal Herriko zaldizkoak gerturatuko dira.
Lehen mailako zaldizko eta amazonei, euskal kirolean nabarmentzen hasi diren promesak batuko zaizkie. Probak “oso lehiakor eta ikusgarriak” izaten direla azaldu du Itziar Urtizberea Jaizubia Zaldiketa Eskolako presidenteak eta aukera paregabea dela gaineratu du Gipuzkoako “zaldizkorik onenak, zuzenean, bertatik bertara ikusteko”.
Bai larunbateko eta bai igandeko txapelketak 09:00etan hasiko dira. Altuera ezberdinetako jauziak egingo dituzte, 0,50 metrotik hasi eta 1,25 metrotaraino. JZEko Kirol arduradun Jose Antonio Niñok adierazi du Gipuzkoako Txapeldunen lehia izateak dakarren “seriotasun eta lehiakortasunari, Gabonaren atarian egiten den txapelketaren jai giroa gehituko zaio”.
Gipuzkoako Txapelketarako kategoria bakoitzeko lehen hiruek domina eta intsignia jasoko dituzte eta Gaboneko Lehiaketan, garaiera bakoitzeko lehenengo hiru sailkatuek Eguberrietako saskiak eskuratuko dituzte.
Larunbatean egingo da Gabonetako Saskiaren txapelketa eta zaldizkoek mozorroekin parte hartu ahal izango dute eta mozorrorik onenak irabaziko du Eguberrietako saskia, Tranko zaldi dendaren eskutik. Larunbat arratsaldean, halaber, Junpin txikia izango da klubeko pista estaliak, txikienek eta hastapeneko zaldizkoek ere haien festa ospa dezaten. 16:00etan hasiko da eta bukaeran txokolate beroaren momentua izango da.
Azkenik, jakinarazi dute Txingudi ikastetxean, ikastetxearen aurreko zelaian eta Urdanibia Jauregiaren inguruan aparkalekuak jarriko dituzte. Asmoa da parte hartzaileen etorrera erraztea.