Kabigorriko oholtzan mugimendua izango da Eguberrietan
Larunbatetik hilaren 30era bitarte, kontzertuak edota ipuin kontaketa saioak egingo dira Kabigorrin.
Kabigorri Ateneoak Eguberrietako agendaren berri eman du. Iragarritakoari erreparatuta, oholtzan mugimendua nabarituko da urteko azken egunetan, eta denetarikoa izango da.
Abenduaren 16an, kontzertua eskainiko dute Iker Piris and His Dual Electras taldeak, 19:30ean. Talde hau “indar eta talentua” bateratzearen ondorioa dela azaldu du ateneoak eta El Toro Records zigiluaren pean atera dute haien lana.”Electra proiektu pertsonala da, barneko bidai bat bluesaren bitartez”.
Hurrengo egunean, abenduaren 17an, Skola Musik akademiako ikasleek kontzertua eskainiko dute Kabigorrin. Emanaldia arratsaldez izango da, 18:00etan, eta eskolako ikasle eta irakasleek antolatua da.
Abenduaren 22an, 18:00etan, Maite Franko ipuin kontalari hondarribiarra joango da Kabigorrira Gabon oparirik onena kontakizunarekin. 4 urtetik gorakoentzat da eta euskaraz izango da. Frankok hainbat galdera mahai gaineratu ditu bertaratuko direnentzat: “Zein ote da gabon-oparirik onena? Eta oparirik arraroena? Anakonda bat? Zorrien kontrako orrazia? Brokoli bat? Barbie futbol zalea? Edo gure nahirik txoroena bete da?”
Abenduaren 29an Camiños do fado diskoa aurkeztuko du Iria Estevez abeslariak. Fadoaren estilo ezberdinekin esperimentatuko du, berak landu izan dituen beste musika estiloekin nahastuz, hala nola, cantiga galega edo Brasileko musika. Kontzertua 23:00etan hasiko da.
Egitarauarekin bukatzeko, Oihan musikariaren txanda izango da. Emanaldia hilaren 30ean egingo da, 19:30ean. 2021ean diskoa kaleratu zenetik, Oihanek bakarkako formatu zuzena egiten ari da hainbat instrumenturekin lan eginez, 30 kontzertu baino gehiagoko bira zabalean, penintsulako aretoetan. Gaur egun, artistak Esto es un Patrón eta Domar la Luz singleak kaleratu berri ditu, 2024. urtearen hasieran kaleratuko den bere lan luze berriaren aurrerapen gisa.