Inude eta Artzainen konpartsa antolatzen hasiko dira
Bilera irekia egingo dute Behobiako auzo elkartean, hilaren 17an, 12:00etan, eta deia dantzari zein pertsonai izan nahi dutenentzako da.
Eraiki Dantza Taldea urtero ateratzen da Irungo kaleetara Inudeen eta Artzainen konpartsarekin. Aurten, otsailaren 4ean izango da desfilea, Inauterien aurreko igandean, eta jada antolaketa lanetan dihardute. Hartara, bilera bat egingo dute abenduaren 17an, igande honetan, Behobiako auzo elkartean, 12:00etan.
Antolatzeko bide horretan, dantzariek ekitaldian izena emateko aukera izango dute eta konpartsa osatzen duten pertsonaia banatuko dira. Izan ere, Inude eta artzainak ez dira desfileko pertsonai bakarrak izango: medikuak, erizainak, apaizak, baserritarrak eta bestelako pertsonai osagarriak ere bertan izango dira.