7.000 bisitari jaso ditu Be Veggiek
Ostirala eta atzo artean jaso du Ficobak aukera beganoen berri emateko jaialdia. Iazko bisitarien kopurua %40an hazi da aurten.
Ostirala eta atzo artean Ficobak jaso duen Be Veggie azokak 7.000 bisitari izan dituela jakinarazi dute antolatzaileek, 2022an baino %40 gehiago. “Bizi-estilo beganoa, %100 landarezkoa, animalien ustiapenik gabea, eta ingurumenaren iraunkortasuna sustatzen duenak gero eta jarraitzaile gehiago ditu, eta gainerako biztanleengan interesa sortzen du”, adierazi dute Ficobatik. Ficobako aurtengo azoka, kongresu edo ekitaldien artetik azkena izan da Be Veggie.
Erakustazokak zehaztu du bisitarien igoera aurreikusia zuela, batetik jaialdiak aurrekoak baino egunbete gehiago iraun duelako, eta bestetik erakusketarien emaria ere zabalagoa izan delako, 70 postukoa hain zuzen ere. Gainera, 30 jarduera paralelo izan dira azoka bitartean, “jarraipen zabala izan dute horiek ere bai”.
Zehaztasunetan sartuta, bisitari gehienak gipuzkoarrak izan direla adierazi dute Ficobako kideek, Bidasokoak, Oarsoaldekoak edo Donostialdekoak gehienak. Gainera, Ficoban izan direnen %8 Ipar Euskal Herritik edo Frantziako Estatutik iritsitakoak izan direla nabarmendu dute.
Balorazioak
Ficobak bai bisitarien zein erakusketarien iritzia bildu ditu. Bertan izan diren enpresen %75 “pozik edo oso pozik” azaldu da azokak emandakoarekin, eta %87k adierazi du 2024ko Be Veggien izango direla. Bisitarien artetan, berriz, oniritzi orokorra: %85 pozik edo oso pozik azaldu dira.