Txingudi Errugbi Eskolak bere eguna ospatuko du bihar
10:30ean elkartuko dira Plaiaundiko berdegunean, eta hainbat tokata jokatuko dituzte. Eguerdian Landetxako Gabiria jatetxera mugituko dira.
Azkeneko urteetan zehar Txingudi Errugbi Klubak harrobiarekin egindako lana ospatzeko, errugbi klubaren eguna ospatuko dute bihar, larunbata. Jokalari, prestatzaile eta senide zein lagunak gonbidatu dituzte biharko egunera.
10:30ean Plaiaundiko berdegunean elkartuko dira parte hartzaileak eta gerturatutakoak talde desberdinetan banatuko dituzte. Horrela, hainbat tokata jokatuko dituzte, eta ondoren hirugarren denbora eskainiko, hamaiketakoa barne. Eguerdian, Landetxako Gabiria jatetxean amaituko dute ospakizuna.
Gazteen bigarren faseko aurkariak
Honezkero, 16 eta 18 urte azpikoen ligetako lehen faseak amaitu dituzte. Hori dela eta, Euskadiko Federazioak hurrengo jardunaldietako norgehiagokak jakinarazi ditu. 18 urte azpikoetan, batetik, Bera Bera/Txingudik Riojaren aurka jokatuko du, Logroñon. Bestetik, Gabiria Txingudi/Baztanek Hernani izango du parean. Etxean, Plaiaundin, jokatuko dute partida hori.