"Pertsona guztiei bermatu behar zaizkie giza eskubideak"
Igandeko Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira adierazpen bat sinatu dute ordezkaritza duten talde guztiek.
Hondarribiko Udalean ordezkaritza duten talde guztiek adierazpen bat sinatu berri dute, igandeko (hilak 10) Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira. Ondorengoa da, hitzez hitz, egin duten irakurketa osorik:
Une honetan, mundu mailan gertatzen ari diren gerra ezberdinetako sarraskiek gogoratzen digute 1948an adostutako Giza Eskubideen Aitorpenak izandako garrantzia. Garai hartan ere, gerra batzuen ondorioz beharrezkoa ikusi zen mundu mailan gizateriaren duintasuna bermatuko zuen adierazpen bateratu bat egitea. Eta azkenean lortu zen gizaki guztiok, gizaki izateagatik, eskubide berdinak genituela aitortzea.
Ez dugu zalantzan jartzen adierazpen horren garrantzia, alderantziz. Pertsona guztioi bermatu behar baitzaizkio bertan agertzen diren eskubide oro edozein duela generoa, jatorria, adina, gaitasuna, e.a. Baina jabetzen gara egunerokotasunean aitorpenak jasotzen dituen hainbat eskubide ez daudela bermaturik arrazoi ezberdinengatik.
Aitorpenak berak, neurri batean, erantzule egiten gaitu. Bakoitzari bere neurrian. Izan ere, Aitorpenean hiritar guztien Eskubideak agertzen dira baina aldi berean betebeharrak eragiten ditu. Hala nola, bertan agertzen diren eskubideak elkarri bermatu behar dizkiogu gure eguneroko jarreretan. Norbanakoaren jokabideak eragiten baitu bestearen eskubidea bermatzea ala ez.
Udalak, bere jarduerarekin saiatzen da, GGEEei dagokionean, neurri egokiak bideratzen eskubideak bermatzeko. Jakin badakigu ere, Hondarribiako herrian ekintzaile ugari egon badagoela GGEEn defentsan, elkarte-sare nahiz gizabanako, eta egunerokotasunean Aitorpen honetan jasotako eskubideak bermatzen saiatzen direnak.
Hondarribiko Udal ordezkariok, egun honen baitan, eskerrak eman nahi dizkiegu jarrera hau agertzen duten hondarribiar guztiei, horiei esker, pertsona askoren bizi baldintzak duinagoak direla jakin baitakigu.