EAJ: "Berri ona da, baina etxebizitzaren arloan erritmo biziagoan egin behar de aurrera"
Jeltzaleek ere poza agertu dute Presa 1 eremuan eraikiko dituzten alokairuzko etxebizitzengatik. Halere, HAPO "behin betiko onartzea beharrezkoa" dela uste dute.
Hondarribiko EAJk ere poza agertu du Presa 1ean aurki eraikiko dituzten alokairuzko 66 etxebizitzengatik. Hainbat urtez udalaren eta Jaurlaritzaren arteko lankidetza izan dela gogorarazi dute jeltzaleek eta lan horren ondoren heldu dela albistea. “Poztu egiten gaitu urteetan hiri mailan egindako lanak emaitza hori ekartzea eta babes ofizialeko etxeak errealitate izatea. 66 familiari erraztuko die etxebizitza eskuratzea, eta hori albiste ona da beti”, esan dute hedabideei bidalitako ohar batean.
Atzera egin du EAJk eta gogorarazi du udalaren eta Visesaren arteko lankidetza hitzarmena 2021 bukaeran onartu zela. Honen arabera, 66 etxebizitza trastelekua eta garaje plazekin eraikitzeaz gainera, lur gaineko aparkalekuan 55 plaza eta 260 metroko merkataritza lokal bat eraikitzea aurreikusi zuten.
“Badakigu etxebizitza eskuratzea dela hondarribiarren kezkarik handienetako bat. Berri ona da, baina uste dugu etxebizitzaren arloan erritmo biziagoan egin behar dela aurrera. Horretarako, aspalditik esan dugun bezala, beharrezkoa da HAPO behin betiko onartzea. Tresna hori gabe udalak ezingo dio herritarren eskaerari erantzun”, erantsi dute taldekoek.
Jeltzaleak jakitun dira “egungo udal gobernuak lehentasuna ematen diola maiatzean hasierako onespena jaso zuen dokumentuaren ikuspegia aldatzeari”, eta diote ziur daudela “ideia onak” izango dituela Abotsanitzek, eta planari “ekarpen interesgarriak” egingo dizkiotela. Baina halere, bide horretatik jarraitzen badu, “hondarribiarrek eskatzen dituzten etxebizitzen eraikuntza eta sustapena atzeratu eta geldiarazi” egingo dela diote, “sustapen publiko zein pribatuetakoak”.
“Gure jarrera argia izan zen duela hilabete batzuk, eta besteak beste, Muliaten, Karmeldarrak eta Tudelenean sustapen publiko berriak martxan jartzea ahalbidetuko zuen HAPO aurrera egiteko lana egin genuen. Herritarren beharrei irtenbideak eskaintzeko aukerarik onena dela pentsatzen jarraitzen dugu”, esan dute azkenik.