Udala, "pozik", Presa I eremuko etxebizitzak eraikitzen hasiko direlako
Alokairura bideratutako 66 etxebizitza eraikitzen hasiko dira 2024 hasieran. Igor Enparan alkatearentzat "oso berri ona" da.
Hondarribiko Udalak poza agertu du Presa I eremuan Jaurlaritzak eraikiko dituen alokairuzko 66 etxebizitzaren proiektuagatik. Obrak laster hasiko direlako “pozik” agertu da Igor Enparan alkatea: “oso berri ona da herriarentzat. Denok jakitun gara zein den etxebizitzaren egoera Hondarribian, eta etxebizitza hauek gutxienez 66 familiari laguntza eskainiko die. Hortaz gain, proiektuan lokal bat eraikiko da, udalarentzat erosteko lehentasuna izango duena”, esan du.
Alkateak gogorarazi du udalak eta Visesak hitzarmen bat sinatu dutela, eta horren bitartez udalak lurzorua lagako du etxebizitza horiek eraiki ahal izateko. Horrez gain, Presa Iean etxebizitzak, garajeak eta lokalak eraikitzeko obren eta lotutako urbanizazioaren eta azalerako aparkalekuaren egiazko eta azken exekuzioaren kostuaren %15eko diru ekarpena egingo dio udalak Visesari, “gehienez ere 1.486.784,48 eurokoa, aurreikusitako obraren %15eko balio zenbatetsia hain zuzen ere”.
Udalaren ordainketen %10 (hau da, 148.678,45 euro), obren zuinketa akta sinatzean ordainduko da. Udalaren gehienezko ekarpenaren %40 (hau da, 594.713,79 euro) zuzendaritza fakultatiboak dagokion obra egiaztagiria eta txostena sinatu ondoren, eraikinaren egitura bukatzean ordainduko da. Gainerako %50a (hau da, gehienez 743.392,24 eurora arte), etxebizitzen lehen erabilera baimena lortu ondoren ordainduko da.
Bi logelako 51 etxebizitza eta hiru logelako 15 etxebizitza eraikiko dituzte, eta lehenengo sortan mugikortasun urriko pertsonentzako hiru etxebizitza egokitu sartzen dira. Guztiek kanpoko eremuak izango dituzte, terraza edo balkoien bidez. Obra datorren urte hasieran hastea aurreikusi du Jaurlaritzak, eta eraiki ondoren etxebizitza horien kudeaketa Alokabidek egingo du, baina udalak Alokabiderekin “etengabeko kontaktua mantenduko” duela esan du alkateak, “elkarlanean egin nahi dugun zerbait baita”.
Obra hasi aurretik komunikazio kanpaina bat abiatuko du erakundeak, “izango dituen eraginen informazio zehatza emateko asmotan”.