Buruko gaixotasunak dauzkatenen familiekin bilduko da Agifes
Bidasoko familien beharrak aztertuko dituzte bilkuran. Iker Arrizabalaga psikologoak hainbat datu emango dizkie bertaratzen direnei.
Agifes Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako elkartea da. Hala, buruko gaixotasunak dituzten pertsonekin bizi direnei begirako jardunaldia antolatu dute Irunen hilaren 12rako (astearterako). 18:00etan izango da topagunea, Palmera Monteron. Haien beharrak aztertu nahi dituzte, beraz, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen zaintzaileen gainean jarriko dute fokua jardueran. Gainera, Agifeseko psikologo Iker Arrizabalagak hainbat xehetasun emango ditu.
Buru Osasuna Euskadin ikerketa lana egin eta aurkeztu berri du Arrizabalagak. Bertan jasota dauden ondorioen artean, bat, honakoa: buruko gaixotasuna duten pertsonen familia barruko zaintzaileetatik, hamarretik lau tratamendu psikologikoan eta farmakologikoan daude; eta horietatik erdiak arreta espezializatua behar izan du noizbait, zaintzaren erantzukizunak haiengan duen eragin emozionalaren ondorioz. Gehiago: hamar zaintzailetatik seik azaldu dute beren familia-harremanek okerrera egin dutela egoera horren ondorioz, eta zehazki zaintzaile guztien arteko %30ean hausturak edo bikote-banatzeak izan direla. Ondorio horiek jasaten dituzten gehienak emakumeak direla azaldu du Agifesek.
Datu horiek eta beste asko helaraziko ditu Agifesek astearteko jardunaldian. Irekia da batzarra, edonor joan daiteke.