Euskal Liburu eta Disko Azokarako dena prest
Datorren ostegunean zabalduko dute azoka, Arrantzale auzoan. Haur eta gazte literatura, sukaldaritza, historia, margolaritza, artea, musika... "Eskaintza zabala" izango dela aurreratu dute udaleko iturriek.
Ez da Durangokoa bezain handia izango, baina Hondarribiak ere euskal liburu eta diskoen inguruko azoka izango du aurten. Udalak jakinarazi du datorren hilaren 14an (osteguna) da zabalduko dutela XXIX. ediziorako prestatu duten feria, eta igandera bitarte (hilak 17) luzatuko dutela. Arrantzale auzoan jarriko dute.
Denetik izango da: haur eta gazte literatura, sukaldaritza, historia, margolaritza, artea, musika… “Aukera handia” izango dela aurreratu dute udaleko iturriek. Goizeko ordutegia 11:00etatik 14:00etara izango da, eta arratsaldekoa, berriz, 16:30etik 20:00etara.
Honakoek izango dute postua azokan: Erein argitaletxea, Elkar argitaletxea, Gure Liburuak liburu denda, Jakinbide liburu denda, Zabaltzen banatzailea, Ttarttalo argitaletxea, Txalaparta argitaletxea, Elkar Diskoa eta Arma Plaza fundazioa.
Azokari lotuta, bestelako ekintza eta ekitaldiak ere antolatu dituzte. Ostegunean (hilak 14) Estitxu Ortolaizen Axalian liburuaren aurkezpena egingo dute Arrantzale auzoan (11:20ean). 19:00etan berriz, Black Is Beltza II Ainhoa filma eta Bidasoa 2018-2023 dokumentala proiektatuko dituzte Itsas Etxean. Ostiralean (hilak 15), berriz, Baloreak liburuaren aurkezpena egingo dute liburutegian, 18:00etan. 19:00etan Pink Fluid taldeak dantzan jarriko du Itsas Etxea. Azkenik, larunbatean (hilak 16), Bordari Satarka literatur lehiaketaren sari banaketa egingo dute Arrantzale auzoan (12:00etan), eta ondoren (12:30ean), Moby Dick liburuaren euskarazko bertsioa aurkeztuko dute Hermandadean.