Herriko 18 artisau eta artistek postu bana izango dute Gabonetan
Gabonetako azoka egingo dute hilaren 16 eta 17an, Santa Maria Madalena plazan. "Balio handiko produktu berezi eta esklusiboak" izango dira salgai.
Gabonak ate joka dira jada, eta udalak eta Amuitz elkarteak urteroko azokaren gaineko xehetasunak eman berri dituzte. Hilaren 16 eta 17an egingo dute aurtengoa, Santa Maria Madalena plazan. “Merkataritza herriaren taupada da, motorra eta arima. Elkartruke bat baino gehiago da, bizilagunak lotzen dituen lokarria da. Gure merkatariek, gertuko eta konfiantzazko atentzioa eskaintzeaz gain, Hondarribia biziago eta seguruagoa egiten dute”, esan du gaurko aurkezpen agerraldian Igor Enparan alkateak.
Besteak beste, herriko artisau eta artisten lanak izango dira salgai, “balio handiko produktu berezi eta esklusiboak”. Orotara 18 dendari eta artisauek jarriko dute postua. “Merkatari eta artistak herriak jasotako oparia dira azken finean. Tokiko merkataritza balioan jartzeak eta honen konplize izateak, ekonomia indartzeaz gain, herritarron sarea aberasten du, erosketa bakoitza etxea deritzogun Hondarribian inbertsio bat izan dadin”, erantsi du alkateak.
Azoka honekin batera, hainbat jarduera ere egingo dituztela aurreratu dute, familiek, gazteek eta helduek parte har dezaten. Esaterako, bi egun horietan haurren txoko bat izango da, baita zuzeneko musika emanaldiak ere.
11:00etatik 20:00etara zabalduko dute azoka.
Azokaren gaineko informazio eta xehetasun gehiago, lotura honetan kontsulta daitezke.