IX. Gabonetako Krosa, hilaren 16an
15:30ean abiatuko dira haurren lasterketak, eta 16:30ean bost kilometroko lasterketa nagusia. Emakumezkoen presentzia nabarmendu dute, eta omenaldia egingo diote Bikendi Aizpioleari.
Urtero legez, Irunen Gabonetako Krosak egingo die ongietorria neguko ospakizunei. Gaur goizean, Ibon Muñoz eta Victoria Hernandez (Super Amara BATeko ordezkariak), Garbiñe Rodriguez (Mi Dulce Guerrero-ren ordezkaria) eta Diana Machado (Bikendi Aizpiolearen ama) elkartu dira lasterketaren bederatzigarren edizioa aurkezteko. Hilaren 16an ospatuko dute, larunbatean. Lasterketa nagusia 16:45ean abiatuko da, eta aurretik haur eta umeen lasterketak egingo dituzte, 15:30etik aurrera.
Lastekariak Kolon pasealekutik abiatuko dira, eta ohiko bost kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, Luis Marianon egongo den helmuga zeharkatu arte. Lasterketak ez du denbora muga izango; beraz, ekitaldi aproposa da kirola eginez larunbat arratsaldea disfrutatu nahi duten herritarrentzat.
Atzo arte, dortsalek 11 euro balio zuten; gaur, ordea, hilabete berriarekin 14 eurora igo dute izen emate kuota. Honezkero 310 lasterkarik eman dute izena, eta antolakuntzan iazko 550 parte hartzaileren kopurua berdintzeko itxaropentsu daude. Emakumeen arte hartzea nabarmendu dute, izan ere, izena eman duten herritarren % 41a emakumezkoak dira. Izen emateak datorren abenduaren 15era (ostiralera) arte mantenduko dituzte irekita, baina ez da egongo lasterketa egunean izena emateko aukerarik. Haur eta umeen lasterketetan 350 herritarrek eman dute izena honezkero.
Motxilak uzteko kontsigna antolatuko dute, eta lasterketa bukatuta korrikalariek Artalekun dutxatzeko aukera izango dute. Era berean, lasterketa amaieran korrikalariaren poltsa jasoko dute.
Bikendi Aizpioleari omenaldia
Aurtengo edizioan Bikendi Aizpioleari egingo diote omenaldia, infantilen lasterketan (12 eta 13 urte artekoenean). Ama aurkezpenean egon da, eta BATeko ordezkariei eskerrak emateaz gain, semeak lasterketaz “izugarri” disfrutatu zuela azpimarratu du.
Mi Dulce Guerrero-rentzat euro solidarioa
Aurtengo izen emate bakoitzeko, euro bana bideratuko dute Mi Dulce Guerrero elkartera. Izan ere, elkarte horrek 1 motako umeen diabetesaren aurka egiten du lan, eta bildutako dirua gaitzaren inguruko ikerketara bideratuko dute.